Laguntzen plan integral bat eskatu dute ostalaritzaren sektorea desagertu ez dadin
Berriz ere kalera atera behar izan dela adierazi dute, "erakundeei erreskate plan integral bat eskatzeko, haien aurreikuspen faltagatik sartu gaituzten zulo beltzetik ateratzeko".
Manifestazio jendetsua egin du ostalaritza sektoreak, Erreskaterik gabe denok desagertzen gara lelopean. “Ostalaritza da gure bizitza”, “Jaurlaritza lagundu ostalaritza”, “Diputazioa non dago?” eta “Urkullu, adi, ez gaude bakarrik” gisako leloak eskuan hartuta eta oihuka abiatu dira Bulebarretik, segurtasun neurriak eta distantziak errespetatuz. Gipuzkoako eta Bizkaiko ostalaritza elkarteek, SOS Ostalaritza taldeak, Gibakek, Gipuzkoako Sagardogileen elkarteak eta Jakitea elkarteak antolatu dute mobilizazioa.
Protesta oinez egin duten ostalariekin batera, sektorea hornitzeaz arduratzen diren banatzaileen auto eta furgonetak batu dira manifestaziora. Ibilbide motzagoa egin dute manifestariek, eta Idiakez kaletik itzuli dira Bulebarrera. Apropos hartu dute erabakia. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikin aurrean ekintza sinboliko bat egin du ostalaritza sektoreak. Ostalariek euren giltzak bota dituzte saski batzuetara, eta horiek aldundiaren aurrean jarri duten kutxa batean sartu dituzte. Kutxa horren gainean jarri dute azalpena: “Olano eta Larrañaga jaunak, hemen dituzue Gipuzkoako ostalaritzako 4.000 establezimendu baino gehiagoren giltzak. Erreskaterik gabe, laster hauetako asko itxiko ditugu. Berriro ireki nahi badituzue zuek kudeatzeko eta zergak ordaindu ahal izateko… hemen dituzue giltzak”.
Erreskate plan integral bat
Bulebarrean egin dute ekitaldia, martxa abiatu eta ordubete luze beranduago. Garazi Otegik, Cubi tabernako arduradunak, eta Mikel Ubarretxenak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidenteak, hartu dute hitza. Sektorearen osotasunari ikusgarritasuna eman diote hasi orduko: “Tabernak, pubak, diskotekak, jatetxeak, sagardotegiak, hotelak, pentsioak, kafetegiak, aterpetxeak, … eta haien atzean dauden sukaldariak, DJak, zerbitzariak, marmitoiak, aretoko arduradunak, harreragileak, gobernantak, langile autonomoak eta enpresaburu txikiak… eta baita fruta saltzaileak, harakinak, arrain saltzaileak, banatzaileak, garraiolariak, sagardo edo txakolin ekoizleak, … Euskadin 100.000 familia baino gehiago bizi dira zuzenean edo zeharka ostalaritzatik”.
Sektorea berriz ere kalera atera behar izan dela adierazi dute, “erakundeei erreskate plan integral bat eskatzeko, haien aurreikuspen faltagatik sartu gaituzten zulo beltzetik ateratzeko”. Ixten lehenak izan zirela azaldu dute, eta zortzi hilabete geroago itxita jarraitzen dutela. “Prentsaren eta gizartearen aurrean kutsatzeen errudun egin gaituzte. Nahikoa da! Urkullu, Mendia, Azpiazu, Hurtado, Olano, … nola konpentsatuko diguzue aurreko hilabeteetan zuen geldotasunaren plater hautsiak ordaintzen gaudenei?”.
Horrekin batera, aipaturiko politikariei mezu zuzena helarazi diete ekitaldiaren bukaeran: “Euskaldunok harremanak sortzeko oinarria gara, eta gure lanaren kalitatea dela eta, munduko bazter guztietan aintzatespenak jasotzen ditugu. Euskadiko ostalaritzak 5 edo 10 urte barru fintzio hori betetzen jarraitzea eta mundu mailako erreferentzia izatea nahi baduzue, jar zaitezte lanean eta lagundu iezaiozue benetan sektoreari. Zuek egiten ez baduzue, Euskadiko kale, plaza eta auzoetan gure ostalaritzarekin gertatzen denaren erantzule bakarrak izango zarete. Erreskatea orain!”.