Lan gehiegi, langile gutxiegi
Donostiako ospitalean denetariko langileak daude: erizainak, zelariak, telefonistak, sendagileak... Horietako seirekin hitz egin dugu COVID-19ak osasungintza publikoan eragin dituen aldaketei buruz, eta ondorioz, haien lanean izandako eraginei buruz. Protestan dabiltza haien lan-baldintzak hobetzeko eta inbertsio publikoa handitzeko. Izan ere, lan karga handitu zaie, eta ez daude behar beste langile. Gainera, lehen arretako zerbitzua "saturatuta" dagoela salatu dute.

COVID-19aren pandemia betean, herritar gehienek izan dute nolabait Osakidetzarekin harremana, izan PCR proba bat egiteko, izan sendagileari telefonoz deitzeko, edo analisi batzuk auzoko anbulatorioan jasotzeko. Baina zenbateraino ezagutzen du jendarteak osasungintzako langileek bizi dutena? Agintarien ahotsak oihartzun handia izan du, baina ez bereziki ospitaleko langileenak.

Donostiako ospitalean langile mota asko dago, eta guztiek osatzen duten osasungintzaren katea. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)Joseba Parron San Sebastian
Osasungintzaren barruan, gainera, langile mota asko dago. Kate moduko bat da, eta katebegi guztiak dira ezinbestekoak herritarren osasuna bermatu ahal izateko: sendagileak, zelariak, garbitzaileak, erizainak, telefonistak, anbulantzietako gidariak, erizain laguntzaileak… Donostiako ospitaleko sei langileri ahotsa eman diegu, eta COVID-19az, lan-baldintzez, Osakidetzaz, 20:00etako txaloez eta bestez hitz egin digute.
Garbiñe Enbil erizain laguntzailea da Donostiako ospitaleko larrialdietan: “Erizainari laguntzea da gure lana, eta biltegiak ondo mantentzea: produktu pila bat daude, eta hornikuntza egokia egoteaz arduratu behar gara; pazienteak ere zaintzen ditugu”. COVID-19aren agerpenarekin, larrialdien zerbitzua asko aldatu zen, Enbilen arabera: “Larrialdiak ez zeuden prest, eta Osakidetzak inprobisatu egin zuen: larrialdietako unitatea zeharo aldatu zen. Beste unitate bat hartu genuen, eta jende pila bat jarri ginen lanean, paziente pila bat etortzen zirelako, batez ere, adinekoak”.
Enbilekin batera egiten du lan Rebeca Sanchezek: erizaina da larrialdietan. Aurreko urtean amaitu zituen ikasketak, eta martxotik COVID-19a duten pertsonak artatzen aritu da. Lan karga handitu zen nabarmen, bere iritziz: “Hasieran pertsonala falta zen. Lehen gauean lan karga handia izan genuen: gau batean hogei pertsona ospitaleratu genituen. Gero langile gehiago kontratatu zituzten, eta aldea nabaritu genuen”.
Nahiz eta langile kopurua handitu, material eskasia zutela azaldu du Enbilek: “Ez zegoen NBE [norbera babesteko ekipamendu] nahikoa, eta horrek gure osasuna arriskuan jartzen du”. Sanchez bat dator Enbilekin: “Material falta nabaritu genuen hasieran, nahiz eta beste adinekoen egoitzetan baino gehiago izan, adibidez. Mantal moduan plastikozko zabor poltsak erabili genituen, eta oso maskara gutxi zeuden”.
Hasieran langile asko eta material gutxi baldin bazegoen, orain aurkakoa gertatzen da Enbilen ustez: “COVID-19aren unitate berria egin digute, eta ondo dago. Hala ere, larrialdietan jende asko dago oraindik, baina langile gutxiagorekin. Presio izugarria dugu, eta gure lan-baldintzak okertzen ari dira”.
Larrialdietan gero eta paziente gehiago daudela azaldu dute Sanchezek eta Enbilek, eta horietako askoren arazoak ez dira larritasun handikoak, bi langileen arabera. Horren atzean arrazoi bat dagoela uste dute: lehen arreta “saturatu” izana.
Lehen arretaren garrantzia
Lurdes Barragan LAB sindikatuko kidea eta zelaria da; anbulatorioen “kolapsoa” gertatu dela azaldu du: “Lehen arretako zerbitzua materialik gabe eta arreta egokia emateko gaitasunik gabe geratu da. Osasungintzako katearen lehen katebegia itxi dute, eta dena ospitalera bideratu dute. Lehen arretan egindako inbertsio murritza argi geratu da pandemiarekin. Oraindik telefono deiekin jarraitzen dugu: gune blindatuak dira, babeserako guneak izan beharrean. Dena ezin da ospitale batera bideratu, berez ospitalera gaizki egotean joan behar delako. Osakidetzaren aurreikuspen falta oraindik agerikoa da”.
Jose Conejok ere nabaritu du lehen arretaren “kolapsoa”. Izan ere, Larrialdien Koordinazio Zentroko langilea da: “Osakidetzako larrialdietako dei guztiak jasotzen ditugu. 112ra deitzen duten pertsonen beharrak Osakidetzarekin zerikusia badu, deia guri pasatzen digute. Datu guztiak jasotzen ditugu eta egoeraren arabera, Osasun Kontseiluari edo medikuari ematen diogu telefonoa”.
Pandemia dela eta, dei ugari jaso dituzte, eta horietako asko lehen arretaren bidez konpontzeko modukoak dira, bere esanetan: “Dei pila bat jaso ditugu eta lan kopurua asko handitu da. Lehen olatuan langile gehiago sartu ziren, baina orain ez. Dei pila bat jasotzen ditugu, baina denak ez dira larrialdiak: dei gutiak hartzen ditugu, baina gauza garrantzitsuago batzuk zain geratu behar dira”.
COVID-19ak eragin zuzena izan du Osakidetza osoan, baina ZIUetan bereiziki nabaritu dute. Aintzane (ez du bere benetako izena esan nahi izan) erizaina da Zainketa Intentsiboetako Unitatean, eta “gerra batean” baleude bezala lan egin dutela esan du: “Paziente oso dependenteak ditugu, eta dena egin behar dugu. Gerra batean izango bagina bezala izan zen: desantolaketa zegoen, eta oso gaizki jartzen ziren segituan”. Lantaldeari eta materialari dagokionean ere aldaketak izan zituzten: “Jende berria etorri behar izan zen, eta ez zekiten ZIU batean lan egiten, beste unitateekiko desberdintasunak dituelako: formakuntza handia behar duzu ZIUko erizaina izateko. Lan-baldintzak ere aldatu ziren. Atseden falta dugu, eta lanean zaudela batzuetan ezin duzu ezta komunera joan: hori ere ez da osasuntsua. Ordu gehiago ere sartu ditugu, lehenengo olatuan batez ere, orain ez hainbeste. ZIUko erizain asko deskantsatu gabe iritsi dira bigarren olatura”.
Emozionalki gogor eragin die langileei egoerak: “Emozionalki oso gaizki gaude. Orain babes psikologikoa ematen ari dira, baina ni gaizki egon naiz. Lo egin gabe egon naiz, eta medikazioa behar izan dut lo hartzeko. Ni psikologo pribatu batengana joan naiz lau hilabetez, eta orain askoz hobeto nago. Baina hasieran lo egiteko eta lasai egoteko pilulak hartu behar izan nituen”, aitortu du Aintzanek.
Harremana aldatu egin da gaixoekin
Eva Uzkudun erizain laguntzailea da ospitaleko beste unitate batean, eta adineko pertsonekin egiten du lan. Pazienteekin duen harremana aldatu dela esan du: “Presio birikoagatik, ahalik eta denbora gutxien egon behar dugu barruan, beraiekin. Familia ere ezin dute ikusi, eta abandonatutako txakur bat bezala daude… Guk ezin dugu gehiegi egin”.
Nekea ere nabaritzen du Uzkudunek: “Lehenik NBEak jantzi behar ditugu: mantala, eskularruak, maskara eta abar. Imajinatu: gune garbian zaude eta txirrina jotzen dizute: komunera joan behar duela. Korrika eta presaka jantzi behar duzu. Gainera, adineko pertsona batetik beste batera joateko, kanpoko arropak ere aldatu behar dituzu. Beraz, egun guztia zaude janzten eta eranzten. Askoz gehiago nekatzen zara: ematen du ez duzula bukatzen lana. Lana berdina da, baina askoz luzeago egiten da”.
Asier Kintana zelaria da ospitalean, eta berak ere nekea nabaritu du: “Lan karga fisikoa bakarrik ez da, horrek dakarren esfortzu berezia ere bada NBEak janztea, horiekin lan egitea eta gero kentzea. Nekadura handia ekartzen du, eta geroan ere nabarituko dugu orain eragindako kalte emozional hori”.
Behin-behinekotasuna, arazo
Asier Kintanaren kontratua aldi baterakoa da, eta horrek “ezegonkortasuna” sentiarazten dio: “Aldi baterako kontratua daukat: gaur hemen nago, bihar hor eta etzi han. Ez dago toki finko bat, eta ematen du beti berria zarela. Bizitza normal bat eramateko eta bizitza ondo programatzeko, segurtasun bat eta lasaitasun bat behar duzu, eta askotan guk ez daukagu hori, kontratu bat bestearekin lotzen dugulako”. Berdina da Aintzaneren kasua: “Zenbaki bat bezala sentitzen naiz. Ez dakit hemendik hamar egunera non egingo dudan lan. Zortzi urteko esperientzia dut, formakuntza, eta oposaketak gaindituta ditut, eta baldintza horiekin oso gaizki sentitzen zara. Ingalaterran, adibidez, elkarrizketa bat egiten duzu, eta hiru hilabete eta gero zure lanean ona bazara, kontratu finkoa egiten dizute. Gainera, hemen erizain espezializatuak ez daude: denetarik egin behar dugu. Beraz, motibazio falta eragiten du horrek”.
Hala azaldu du Lurdes Barragan LABeko kideak: “Osakidetzako behin-behinekotasuna %35ekoa da: horren ondorioz, langile horiek ez dute kontratu finkorik eta beti telefono dei baten zain daude”. 3.000 lanpostu inguru daude egituratik kanpo, Barraganen arabera. Izaskun Sorondo ELA sindikatuko kidearen arabera, horrek ondorio “larriak” ditu: “Egunero ikusi ohi dugun bezala, langileen behin-behinekotasun eta ezegonkortasun honek beraien egunerokotasunean eta bizitzan dituen ondorio lazgarrietatik haratago joanda ere, pazienteen ongizatean eta zerbitzuaren kalitatean eragin negatiboak ditu”.
Osakidetzako langileen %80a emakumeak dira, eta haien lana “bikoitza” da Barraganen arabera: “Osakidetzan oraindik ez daukagu berdintasun planik ezta indarkeria matxistaren aurkako protokolorik ere. Nahiz eta soldata berdina izan, emakume gehiagok murrizten dute haien lanaldia eta kargu altuenak gizonen esku daude. Pandemia Osakidetzako emakume langile batengan bikoitza da: zaintza egin behar dute lantokian, eta etxean”.
Inbertsio publiko handiagoaren beharra
Konfinamenduan osasungintzako langileei txalo egin zieten Euskal Herriko milaka herritarrek, eta honela baloratu du Kintanak: “20:00etako txaloak ez ziren osasungintzako langileentzat: norberaren beldurrak modu kolektibo batean lasaitzeko bidea zen. Jendeak ondoren ez du behar bezala pentsatu osasun publikoa indartzeak daukan beharrean”. Aintzanek argi du lana ondo eta duin egiteko behar dutena zer den: “Ez ditugu txaloak behar. Behar duguna da jendeak gurekin batera borrokatzea eta aldarrikatzea behar duguna. Lana ondo egin ahal izateko, lantalde handiagoa, kontratu finkoak, inbertsio handiagoa eta antolakuntza hobea behar ditugu”. Material gehiago eta lehen arreta indartzeko eskatu du Sanchezek, berriz.

Osakidetzako langileak protestan dabiltza haien lan-baldintzak hobetzeko eta inbertsio publikoa handitzeko. (Argazkia: Dani Blanco / Argia)
Osasungintzako langileak borrokan ari dira, eta hainbat greba eta mobilizazio egin dituzte. Izaskun Sorondok Osasun Sailaren aurrekontura diru gehiago ez bideratzeak dituen ondorioez ohartarazi du: ”Ez du zerbitzuan soilik eragiten; Osakidetzako langileen lan-baldintzetan ere eragin zuzena du. Aurrekontu nahikoa ez izateak eragin zuzena du lantaldearen tamainan, langileen egonkortasunean, lan-baldintzetan, lan kargetan, segurtasunean, osasunean, babes neurrietan, eta abar. Osakidetzak egiturazko arazoak ditu, eta horiek errotik konpontzeko diru sarrera gehiago behar dira. Zahartuz doan gizarte baten beharrei erantzuteko diru sarrera gehiago behar dira. Pandemiari aurre egiteko diru sarrera gehiago behar dira, eta nola ez, pandemia errotik baztertzeko gai ez garen artean, COVID-19a duten eta ez duten paziente guztiak artatzen jarraitzeko behar diren inbertsioak egiteko ere, diru sarrerra gehiago behar dira. Horrek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak errotik aldatzea suposatzen du”.
Gainera, pribatizazioaren “mamua” hor dago: “Aseguru pribatuak eskua sartzen hasi dira. Osakidetzako arlo asko pribatizatu dituzte”, azaldu du Enbilek. Pribatizazioa “pixkanaka” egiten ari direla salatu du Barraganek.
Donostia Ospitaleko langileak denetarikoak dira, eta denek lan egiten dute jendartearen osasuna bermatzeko helburuarekin. Horregatik, lan-baldintza duinak behar dituzte, eta inbertsio publiko handia. Ahotsa eman diegun sei langileak osasungintza publikoaren alde daude. Hala adierazi du Enbilek: “Osasun publikoa defendatu behar dugu: ez Osakidetzako langileek bakarrik, mundu guztiak”.