Loiolako kuarteletako lursaila udalaren esku geratzeko akordioa lortu dute
EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestearen truke adostu duten baldintzetako bat da. Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du datorren urtean lursaila transferitzeko, nahiz eta Defentsa Ministerioak horren kontrako jarrera berretsi.
Madrilen adosturikoaren bidez, Donostiako Udalak Loiolako kuarteletako lursaila Defentsa Ministerioari erosi ahal izango dio datorren urtean, birkalifikatze prozesu bat egin ondoren. Udalaren aspaldiko eskaera da hori, Urumeako ibarrean urbanizatzeko gelditzen den lursail bakarra delako. Hogei hektarea inguruko azalera du, eta udalak etxebizitzak egin nahi ditu han.
Duela bi aste, lursaila udalaren esku uzteko aukera baztertu zuen Estatuko Defentsa idazkari Esperanza Casteleirok. Ordea, EAJk Loiolako kuartelak Donostiako Udalaren esku geratzea adostu du Espainiako Gobernuarekin, besteak beste. Horren truke jeltzaleek Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestuko dituzte. Hori dela eta, Eneko Goia alkatea pozik agertu da bere alderdiak Madrilen lorturiko akordioarekin: «Estatu idazkariak duela gutxi Senatuan esandakoarekin, atsekabetuta egon ginen, ikusten genuelako gai honek agian ez zuela ibilbide gehiago izango. Akordio honen xehetasunak ikusita, ordea, egin beharreko balorazioa oso positiboa da. Izan ere, akordioan jasotzen da udalak lursail horiek erosteko prozesua abiaraztea, eta ez da jasotzen udalak ahalbidetu behar duenik kuartelak beste nonbait jartzea; jabe baten eta udalaren artean konpromisoa hartzen da, salerosketa bat egiteko».
«Ez da negoziagarria»
Akordioaren berri izan orduko, Defentsa Ministerioak kontrako jarrera berretsi du: «Espainiako indar armatuek Donostian duten presentzia ez da negoziagarria». Lurreko armada hirian geratuko dela azpimarratu dute, nahiz eta ez duten argitu zein izango den kokaleku berria. Defentsa Ministerioak Loiolan dauden militarrak Gipuzkoan geratzea nahi du. Hain zuzen ere, 67. Tercio Viejo de Sicilia infanteria-erregimentua da kuarteletan dagoena, eta 2.000 militar izatera iritsi zen arren, gaur egun 400 bat dituzte. [Erreportaje hau idatzi zenean Defentsa Ministerioak ez zuen argitu kuartelak hipikara lekualdatzeko asmoa zuenik].
Orain arte Defentsa Ministerioak udalari eskatzen zion kuartelak birkokatzeko beste lursailen bat eskaintzeko, baina udalak eskaini dituen guztiei –Zubietako, Antondegi Garaiko eta hipikako lursailak– uko egin die. «Akordioa beste ikuspegi batetik eginda dago, eta lanerako bidea irekitzen du», azaldu du Goiak. Militarrekin zer gertatuko den galdetuta, alkateak adierazi du hori dagoeneko ez dela bere ardura: «Hori da akordio honekin eman den aldaketa handiena».
Birkalifikatzea eta etxebizitzak
Lursailen salerosketa prezioa zehazteko, Loiolako hogei hektarea horien kalifikazioa aldatu behar da. Behin hori eginda, udalak eta Defentsa Ministerioak hitzarmena egin beharko dute: «Guk aitortzen dugu lursaila armadarena dela, eta ez dugu lursaila oparitzea nahi; gu prest gaude ordaindu beharrekoa ordaintzeko, hiriak une honetan jarraitzen dituen helburuak betetzeko: etxebizitzak sustatzea, eta, hein handi batean etxebizitza publikoak. Beraz, gure betebeharra beste edozein eroslerena da: prezio bat adostea eta lursaila erostea», azaldu du Goiak.
Lursailean egingo dituzten etxebizitzei dagokionez, alkateak nabarmendu du ezin duela kopuru zehatz bat esan, bere garaian 2.000 aurreikusi baziren ere: «Hori ikusteko dago. 1.600 izan daitezke, baina fin begiratu behar da, Urumea ibaiari dagozkion hainbat gauza aztertu behar direlako: zubia eta kurban dagoen lursail zati bat. Era berean eztabaidatu beharko dugu zein etxebizitza eredu nahi dugun. 1.600 esan dut, baina ez da batere zehatza, faktore askoren menpe dago».