Sukurtsalik gabe geratu dira auzotarrak
Auzokide elkarteak 1.202 sinadura aurkeztu ditu Kutxabanken Garibai kaleko egoitzan. Bidebietan itxi duten sukurtsala berriz irekitzeko eskatu diete, adinekoek eta mugikortasun arazoak dituztenek ezin dituztelako banku kudeaketak egin. Erantzunaren zain daude.
Duela gutxi itxi dute Bidebietan zegoen Kutxabanken bulego bakarra. Kiroldegitik gertu dago, auzoaren sarrerako biribilgunearen atzean. Duela hiru urte inguru Laboral Kutxak auzoko sukurtsala itxi ostean, Kutxabankek ere gauza bera egitea erabaki zuen irailean. Bi kutxazain mantendu dituzte, baina ezin dira aurrez aurreko banku kudeaketak egin. Internet bidez egiteko eskatu diete Bidebietako bezeroei. Hori dela eta, Auzokide elkarte solidario sortu berriak –otsailean elkartu ziren–, sinadura bilketa bat abiatu zuen banketxeari Bidebietako sukurtsala berriz ere ireki dezaten eskatzeko. Hilaren 12an 1.202 sinadura aurkeztu zituzten Garibai kaleko bankuaren egoitzan.
«Auzoko adinekoek eta pertsona ahulenek ezin dituzte banku-kudeaketak egin. Era berean, auzoko negozioen jabeei arrisku eta zailtasun bat eragiten die bildutako dirua bankuan sartzeko aukerarik ez izateak», azaldu du Auzokide elkarteak. Kutxabankek ez ditu itxieraren arrazoiak eman, eta horrekin haserre daude auzotarrak. «Ez dakigu zergatik itxi duten Bidebietako sukurtsal bakarra, eta imajinatu dezakegun arren, banku kudeaketen mailan auzo gisa babesik gabe uzten gaituztela jakin dezaten nahi dugu».
Gabry J. Vazquez Bidebietako bizilaguna eta Auzokide elkarteko kidea da. Gertaturikoa «ulertezina eta onartezina» iruditzen zaio: «Bere garaian bi sukurtsal genituen auzoan. Laboral Kutxak ixtea erabaki zuenean, auzotarrei azalpenak eman eta bezeroei aurrerantzean izango zituzten aukeren berri eman zieten. Kutxak egoera hori baliatu, eta bezeroak bereganatu zituen. Orain, ordea, bulegoa itxi dute inolako azalpenik eman gabe. Horregatik, sinadurak bildu ditugu, eta Kutxabanken erantzun bat merezi dugula uste dut».
Bidebietan ez ezik, Trintxerpen ere gauza bera egin du Kutxabankek. Bulegoa kendu eta kutxazain bat utzi dute Azkuene kalean. Herrerako bulegoa ere itxi zuten. Horiek horrela, banku kudeaketak egiteko bulegorik gertuena Trintxerpe bukaera aldean edo Intxaurrondoko tren geltokiaren ondoan dute Bidebietako bezeroek. Une honetan, bi kutxazain daude auzoan. Bat kalean dago, eta bestea bulegoa zegoen lekuan.
«Sukurtsalak itxi eta dena Internet bidez egitera behartu nahi dituzte bezeroak. Ordea, auzoan badira banku eragiketak presentzialki egin nahi dituzten pertsonak. Batez ere, adineko pertsonak, ostalariak eta merkatariak. Horrek segurtasun gehiago ematen die», azaldu du Vazquezek. «Aurrez aurreko eragiketak egin nahi dituzten auzotarrei erraztasunak ematea aztertzen ari gara. Horretarako, mikrobusak antolatzea ez dugu baztertzen», gaineratu du.
Auzotarren egoera zailtzen du
Bi kutxazain ez dira nahikoa Auzokide elkartearentzat: «Kutxabanken helburu nagusia pertsonekiko eta garapen ekonomiko zein sozialarekiko konpromisoa bada, gure asmoa da jakinaraztea ez direla hori betetzen ari irailean bulegoa itxi zutenetik. Kutxazain batzuk uzteak ez du laguntzen, are gehiago zailtzen du auzoan bizi eta lan egiten duten pertsonen egoera».
Erantzunaren zain daude orain, eta udalari ere bidali diote Kutxabanki zuzenduriko gutuna. «Auzoetako zinegotzia jakinaren gainean dago», dio Vazquezek. «Ez dirudi sukurtsala berriz irekiko dutenik, baina gutxienez auzoan dugun arazoari ikusgarritasuna eman nahi diogu, eta Kutxabanken jokabide okerra seinalatu».