Bake Ekintza taldea Loiolako kuartelak hipikara lekualdatzearen kontra agertu da
Espainiako Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelak hipikaren lurretara lekualdatzeko asmoa adierazi du. Horren aurrean, Bake Ekintza talde antimilitaristak oharra plazaratu du, asmo horien kontrako jarrera adierazteko.
“Azken urteotan, behin baino gehiagotan aldarrikatu dugu egungo kuartelaren lurretan hiriaren garapenak pairatzen zuen blokeoaren konponbidea ezin zela mugatu kuartel historiko baten edo armadarentzako kokaleku berri baten artean aukeratu beharraren dikotomiara: gastu militarra murriztea da giza eskubideen sakontzean eboluzionatu nahi duen gizarte baten benetako erronka, eta bide horretan ez da instalazio militar gehiagorik behar”, azaldu dute.
Bake Ekintza taldeak orain arteko “beto militarra” salatu du: “Entzungor egin zieten, bai intsumisioaren kanpainaren bidez soldaduskaren amaiera lortu zuen gizartearen aldarrikapenari, bai azken hamarkadetan hiru alderdi ezberdinetako hiru alkateren eskaerei, eta bapatean beto hori ia desegin da azukre koskor bat bezala estatuko aurrekontuen negoziazioaren ondorioz”. Dena dela, EAJk Madrilen lorturiko akordioak ez ditu Donostiatik kanpo utziko militarrak. “Ez omen zegoen Donostian militarren beharrei erantzungo zien lursailik, baina hipikarako planekin azkar zapuztu da kuartel berririk gabeko Donostiaren ametsa”, azpimarratu dute.
Kuartela errekaren beste aldera eta 500 metrotara mugitzeak “gastu militar handiagoa eta alferrikakoa” ekarriko duela dio talde antimilitaristak. “Eskandalagarriagoa COVID19aren pandemiaren testuinguruan. Bizi izan ditugun murrizketek eta egiturazko ahuleziak ez lirateke hainbestekoak izango gerrarako hainbeste baliabide bideratuko ez balira, eta kuartel berriaren proiektua zein 2021erako Estatuko aurrekontuen proposamena premisa berberetan irauteko bi adibide dira”.
Loiolako kuartelen “amesgaizto luzea” bukatzeko eskatu dute. “Ez da kuartel berririk behar, benetan beharrezkoa dena giza segurtasunerako politika berri bat da, ez segurtasun militarra baizik eta herritarren ongizatean inbertituko duena, kuartel guzti-guztiak ixtea eta industria militarra produkzio zibileko helburuetara bideratzea ekarriko duena, bai eta gastu militarra gastu sozialera bideratzea ere. Argudio berberekin eskatzen dugu, hurrenez hurren, Lezoko eta Donostiako udal titulartasunera itzul ditzatela Jaizkibel eta LoreToki naturguneak, gaur egun erabilera militarretara bideratuak daudenak. Beharrezkoa da gizarte mobilizazioa lorpen sozial horiek guztiak lortzeko”.