Silicies Grizzlies donostiarrek estreinako lana abendu hasieran plazaratuko dute
Donostiako Silicies Grizzlies taldeak izen bereko lehendabiziko lana kaleratuko du abendu hasieran. Durangoko Azokaren Internet bidezko dendan eskuratu ahal izango da, abenduaren 4tik 8ra. Era berean, bandak bere kabuz salgai jarriko du formatu fisiko zein digitalean –Bandcamp plataformaren bitartez–.
Sei kantuko lana Beñat Antxustegi musikari eta teknikariarekin grabatu dute. Azala, berriz, Leire Muñoz Castellok egin du.
Aurrerapen gisara Orein kantuaren bideoklipa aurkeztu zuten:
Abenduaren 5ean Dabadaban aurkeztuko dute lana, Kyxo taldearekin batera. 18:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrerak salgai daude 10 euroren truke.
Abenduaren 8an, berriz, Plateruena Kafe Antzokian ariko dira 14:30ean, Durangoko Azokaren programazioaren barruan eta Ahotseneari esker. Interneten erreserbatu daiteke kontzerturako lekua, eta joan ezin dutenek streaming bidez ikusi ahal izango dute.