Euskararen diskurtsoei buruzko jardunaldien bideoak eskura jarri ditu Bagera elkarteak
“Euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko zein diskurtso daude egun gizartean? Ideologiak nola eragiten du? Edo zein ideologia sortzen dira? Zein aukera eta tresna ditugu euskaraz aritzeko? Zer dugu berritzeko?” Bagera Euskaltzaleen Elkarteak euskararen inguruko diskurtsoei buruzko jardunaldiak egin zituen hilaren 14an, hiru adituen hausnarketaren laguntzaz: Miren Artetxe bertsolari eta ikerlaria, Jone Miren Hernandez antropologoa, eta Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko burua.
Bakoitzak ertz desberdinetatik heldu zien euskararen inguruko diskurtsoei: Artetxek hizkuntza-ideologiari erreparatu zion, Hernandez pertsona gazteen inguruan aritu zen, eta Amonarrizek, euskaltzaleen mugimenduaren diskurtsoa aztertzeaz gain, berritu behar denaz jardun zuen. Jarraian dituzue bideo guztiak, eta jardunaldien bukaerako mahai-ingurua.