Hainbat herritarrek elkartasuna adierazi diete Kaxildako auzipetuei
Amarako Kaxilda liburu dendako arduradunen eta Fadi Hassan palestinar sionistaren –bere burua hala definitu izan du sare sozialetan– arteko epaiketa izan da gaur Donostiako epaitegian, eta Kaxildak, Askapenak eta Biladi elkarteak deituta, 40 bat pertsona bildu dira epaitegiaren aurrean egin duten elkarretaratze internazionalistan.
Palestinaren aldeko elkartasun internazionalistaren aurkako erasorik ez! lelopean egin dute elkarretaratzea; izan ere, salatu dute Kaxildako auzipetuak Palestinaren aldeko elkartasun jarduerak egiteagatik daudela auzipetuak: “Simone de Beauvoirek zera zioen: zapalduen artean konplizeak izango ez balituzte, zapaltzaileak ez lirateke horren indartsuak izango’. Epaiketa tamalgarri hau laburbiltzen du esaldi horrek. Izan ere, gure bi kide dira auziperatuak gaur, baina aurretik beste hainbat izan dira, funtsean, Palestinako herriaren aldeko elkartasuna oztopatzea baita auziaren helburua”.
Kaxildako kideek eta Hassanek 2019an liskar bat izan zuten Gipuzkoa plazako Liburu Azokan, Kaxildakoak Palestinarekiko elkartasun jarduera bat egiten ari zirenean. Elkar salatu zuten, eta horregatik izan dute epaiketa gaur. Ez da Kaxildaren eta Hassanen arteko lehenengo gatazka, 2016an beste epaiketa bat izan baitzuten. Esteban Zamora Kaxildako kideak azaldu duenez, auzia bere testuinguru politikoan kokatu nahi izan dute: “Kasu honetan, palestinar bat da zapaltzaile rola hartu duena. Argia hedabidearen erreportajeari esker, pertsona horren ibilbidearen buru-hausgarria osatu izan genuen, Vox alderdi ultraeskuindarrarekin duen harremana ezagutuz, eta, era berean, ultraeskuinak sionismoaren alde duen jarrera ezagutuz”. Hedabide honek Zamora elkarrizketatu zuen joan den astean, kasuaren nondik norakoen berri izateko.