Saharako errefuxiatuen kanpalekuen beharrei erantzuteko dirua jarriko du udalak
Donostiako Udalak Saharako errefuxiatuen kanpalekuen beharrei erantzuteko diru laguntza zuzena onartu du. COVID-19ak eragindako pandemia pairatzen ari dira han ere, eta horretarako 69.500 euroko laguntza onartuko du udalak.
“Basamortuko erbesteko bizi baldintza eskasei koronabirusak eragindako krisia gehitu behar zaie orain, errefuxiatuen kanpamenduak ere zigortzen ari baita. Azpimarratzekoa da, neurri batean, agintari sahararrek hartutako neurriek pandemiaren aurrerapenari eustea lortu dutela, baina neurri guztiak gutxi direla”, azaldu du Kooperazio zinegotzi Duñike Agirrezabalagak.
Horregatik, Saharako Lankidetza Ministerioarekin adostu dute diru laguntza hau ematea, oinarrizko zerbitzuak osatzen laguntzeko: osasuna, ura, herritarren beste behar batzuei laguntzeko eta kanpalekuen arteko garraioari laguntzeko.
Bertan behera
Osasun krisiaren ondorioz, haur sahararren oporraldi programak bertan behera utzi behar izan dira uda honetan. Egonaldi horiekin, hilabete batzuetan bizi kalitatea hobetzeaz gain, behar dituzten osasun beharrak emateko ere baliatzen da. Programa eten denez, haur horiek aurten, ez dituzte behar zituzten medikuak izan. Bestalde, udalak ez du albo batera utzi nahi une honetan Saharako biztanleria bizitzen ari den egoera politikoa, eta uste dute bizi baldintzak okertuko direla kanpalekuetan.