43 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian
Hiru dira gune gorri izateari utzi dioten osasun eremuak. Altza eta Bidebietaz gain, Egia ere 100.000 biztanleko 500 kasuen langa azpitik dago.
Hiriko koronabirus kasuen intzidentzia metatuak beheranzko joerarekin jarraitzen du. Igandean, 665ekoa zen, eta atzo, berriz, 628,67koa, Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri dituen datuen arabera, eta atzo 43 koronabirus kasu zenbatu ziren hirian. Bestela esanda, Donostian oraindik kutsatze maila altua da, baina bide honetatik jarraituz, pare bat astetan, Donostiak gune gorri izateari utzi diezaioke. Oraindik denbora beharko du.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Dagoeneko hiru dira gune gorri izateari utzi dioten osasun eremuak: Altza, Bidebieta eta Egia. Gainontzekoak, 100.000 biztanleko 500 eta 700 kasuen bitarteko langan daude. Jarraian, bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Parte Zaharra: 652,22
- Ondarreta: 648,15
- Gros: 644,25
- Loiola: 631,40
- Amara-Erdialdea: 567,02
- Amara Berri: 555,05
- Intxaurrondo: 538,15
- Egia: 495,31
- Bidebieta: 469,55
- Altza-Roteta: 452,60
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Amara Berri: 8
- Ondarreta: 7
- Gros: 6
- Altza-Roteta: 5
- Amara-Erdialdea: 3
- Parte Zaharra: 3
- Bidebieta: 3
- Egia: 3
- Loiola: 1
- Intxaurrondo: 0