David de Jorge sukaldaria pozik, Donostiako Cebanc eskolara egindako bisitarekin: "Pozgarria da ikustea sukaldari izateko gogoa duen jendea dagoela"
David de Jorge sukaldari ezaguna Donostiako Cebanc Goi Mailako Ostalaritza Eskolan izan da goizean, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako ikasleei hitzaldi bat ematen. Sukaldaritzaren ogibidearen nondik norakoak azaldu dizkie de Jorgek ikasleei, baita beharrezkoa den konpromisoa nabarmendu ere. Horretaz gain, bere ibilbidean bizitakoak kontatu dizkie sukaldariak ikasleei, baita sukaldaritza munduan ondo aritzeko hainbat gako eman ere.
Hedabide honek de Jorgerekin hitz egin du hitzaldiaren ondoren, eta azaldu du berarentzat hastapenetara itzultzea izan dela Cebancen hitzaldia ematea: “Nik Cebancen ikasi nuen, Mirakruz gainan zegoen zentro xumean, horregatik hastapenetara itzuli naiz gaur, Cebancen instalazio berrietan. Gazteei lanbide honi buruz hitz egin diet, eta esan diet gure lanak ez duela zerikusirik Masterchef-ekin, Top Chef-ekin eta aldizkarietan irakurtzen denarekin. Nabarmendu diet sukaldaritzaren oinarria sen ona dela: platerak garbitzen ikasi behar dutela eta lanbide hau ez dela esferifikazioetan oinarritzen, beste zerbait da”.
De Jorgek Martin Berasategi sukaldariaren ondoan egin du bere ibilbide guztia, baina azpimarratu du oso garrantzitsua izan zela berarentzat Cebancen jaso zuen formakuntza: “Hemen hasi nuen ibilbidea, eta, niretzat, plazer bat da gazteak animatzera etortzea”. Bere esperientziari esker, etorkizuneko sukaldariei hainbat gako eman dizkie Hondarribiko sukaldariak: “Leku askotan egin dut lan eta maisu asko izan ditut”. Era berean, ikusi duenarekin pozik agertu da de Jorge: “Pozgarria da ikustea sukaldari izateko gogoa duen jendea dagoela oraindik; Cebanceko sukaldean sartu naiz, eta polita izan da sutan zeuden lapikoak eta tipula mozten ari ziren ikasleak ikustea”.
Sukaldari ona izateko, formakuntza akademiko aproposa jasotzea ezinbestekoa dela azpimarratu du de Jorgek: “Beti Basque Culinary Center zentroari buruz hitz egiten da, eta oso ondo dago, baina Euskal Herrian askoz sukaldaritza eskola gehiago daude, eta urte asko daramatzate gauzak ondo egiten. Hori oso aberasgarria da, formakuntza akademiko on bat jasotzea oso garrantzitsua delako, eta Cebancen moduko eskoletan oinak lurrean izan behar direla irakasten dizute. Ikasleei esan diet lan mundura ateratzen direnean tontakeriak alde batera utzi behar dituztela, eta sen onez jokatu behar dutela. Hau da, bakoitzak bere ligan jokatu behar du, eta goi mailako sukaldaritzako jatetxe bat izatea eguneko menuak eta kateringak egitea bezain duina da”.
Ostalaritzaren egoerari buruz galdetuta, sektorearen errealitatea “pena handiz” ikusten duela deitoratu du: “Eskuak lotuta dauzkagu denok. Nik ez daukat irtenbidea, beraz, saiatzen naiz ingurukoei eta nire lantaldeari animoak ematen. Espero dezagun normaltasuna ahalik eta azkarren itzultzea, baina normaltasun zaila izango da, jende askok ezin izango duelako aurrera egin”.