"Jazarpen sindikala eta eskubideen etengabeko urraketa" salatu dute Taxi Vallinako telefonoguneko langileek
ELA sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Taxi Vallina telefonoguneko langileek, enpresaren egoitzaren aurrean. Langileen eskubideak “etengabe” urratzen dituztela salatu dute, baita jazarpen sindikala pairatzen dutela ere. 150 taxilarik osatzen dute enpresa, eta Vallina enpresako taxiei egindako dei guztiak kudeatzen dituzte telefonogunean.
Sindikatuak azaldu duenez, Vallinak Donostialdea Sociedad de Servicios S.L. enpresa kontratatu du deiak kudeatzeko, eta enpresa horrek bulegoetan kamerak jarri zituen abuztuan, aurretik langileak abisatu gabe, “informaziorako eskubidea urratuz”. Horretaz gain, ELAren arabera, enpresa bezeroen deien denbora kontrolatzera heldu da, eta sindikatuak enpresan duen ordezkariak urtebete baino gehiago darama hitzarmena aplikatzeko eskatzen; ELAk salatu du enpresak enplegurik eta soldatarik gabeko 60 eguneko zigorra ezarri ziola langile horri urrian. Era berean, azaroaren 25ean enpresak ELAko afiliatu bat kaleratu zuela salatu du sindikatuak: “Jazarpen eta indarkeria hau ez da kasualitatea: gizonez osatutako Vallina kooperatibarentzat telefonogunean azpikontratatuta lan egiten duten 11 langileetatik 10 emakumeak dira, langile eta emakume izateagatik bi aldiz zapalduak”.