Ostalariek elkarretaratze zaratatsua egingo dute ostiralean Donostian
Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak elkarretaratzera deitu du ostiralerako, Donostiako udaletxearen aurrean. Pandemia egoeran sektoreak bizi duen egoera zailari aurre egiteko laguntza zuzenak eskatu dizkiete erakundeei, eta protesta zaratatsua egingo dute horretarako.
Ostalariek hainbat mobilizazio egin dituzte udatik hona, euren arabera, sektoreak kriminalizazio handia jasan duelako pandemian zehar, eta erakundeek hartutako neurriek kalte handiak eragiten dizkietelako. Hain justu, joan den astean manifestazio jendetsua egin zuten ostalariek Donostian, SOS Ostalaritza taldeak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak deituta.