Realak Superkopa Saudi Arabian jokatzea, gero eta urrunago
Espainiako Superkopa Saudi Arabian jokatzekoa da urtarrilaren 13tik 17ra, baina COPE irratiko El partidazo saioak bart jakinarazi zuenez, baliteke txapelketa Espainiako Estatuan jokatzea, eta ez herrialde arabiarrean. Izan ere, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisia dela eta, Saudi Arabiak debekatu egin du estadioetan jendea sartzea, eta, beraz, Espainiako Futbol Federazioa Superkopa han ez jokatzeko aukera aztertzen ari da, zalerik gabe haraino joatea ez delako horren errentagarria.
Lehiaketako finalerdiak eta finala jokatzeko egunak ez dira aldatuko momentuz, baina lekua airean dago oraindik. Realak, Athleticek, Bartzelonak eta Real Madrilek jokatuko dute Superkopa, Kopako bi finalistek –apirilaren 4an jokatuko da 2019/2020 denboraldiko Kopako finala, Euskal Herriko bi taldeen artean– eta Ligako lehenengo bi sailkatuek, alegia. Superkopa irabaziz gero txuri-urdinek azken bi urteotako bigarren titulua altxa dezakete, nesken taldeak Kopa irabazi baitzuen 2019an. Era berean, mutilen taldearentzat lehenengo titulua izango litzateke 1987tik.