"Aberastasuna banatzea" eskatu du gaur Eskubide Sozialen Kartak
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak “EAEko aurrekontuak baldintzatzeko” dinamika nazionala abiatu du, Ondasunak banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu. Lehenik bizitza lelopean. Gaur manifestazioa egin dute, Tabakaleratik hasita.
Manex Mantxola ELA sindikatuko kidearen arabera, “momentu historiko batean gaudelako” mobilizatu dira: “Bidegurutze batean gaude, eta bi aukera ditugu. Bata da 2008an bankuek sortu zuten eta langile klaseak ordaindu zuen krisi hartan bezala murrizketak eta austeritatea erabiltzea. Horrek langabezia, negozioen itxiera eta pobreziaren igoera bakarrik ekartzen ditu. Beste aukera da zerga-erreforma sakona egin eta aberastasuna banatzea. Jendarte hau bizirik eta martxan mantentzen duten zerbitzu publikoak indartu behar direla iruditzen zaigu”.
Horretarako, “borondate politikoa” behar dela azaldu du ELAko kideak, eta Eusko Jaurlaritzari “erabaki zuzena hartzeko” eskatu diote.
Edurne Larrañaga LAB sindikatuko kidearen arabera, “COVID-19ak sortutako krisiak agerian utzi du sistema honek ez duela funtzionatzen, ez dituelako herritar guztien eskubideak bermatzen, eta ez dituelako herritarron lan- eta bizi-baldintzak bermatzen”.
Horren aurrean, alternatiba bat aurkeztu dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan eragiteko mobilizatu dira: “Aurrekontuen bitartez, politika publikoen norabidea zehazten da, baita eredu fiskala ere. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu testuinguru honetan ere mobilizatzea. Abenduaren 17an bidaliko da aurrekontuaren proiektua EAEko parlamentura, eta aurrekontu kontinuista batzuk aurreikusten ditugu, elite politikoaren eta patronalaren arabera egindakoak. Hemen gaude aurrekontuetan gure aldarrikapenak ere kokatu daitezen”, azaldu du Larrañagak.
Abenduaren 13an berriz manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Alderdi Ederretik hasita.