Dabadaba aretoak musika egitarau zabala aurkeztu du
Kontzertuetako sarrerak Dabadabako leihatilan erosteko aukera egongo da. (Argazkia: Dabadaba) Egiako Dabadaba aretoak musika egitarau zabala aurkeztu du larunbat honetatik otsail erdialdera arte. Asteburu honetan, Durangoko Azokak antolatutako Zu non, han DA egitasmoaren barruan, kontzertuak egingo dituzte aretoan. Larunbatean, 18:30ean, Sicilies Grizzlies eta Kyxo taldeek kontzertua emango dute, eta igandean, 18:30ean, Dena eta Habi taldeek eskainiko dute kontzertua.
Gainerako kontzertu guztiak Beste bat! Zuzeneko arteen zirkuitua egitasmoaren barruan egingo dituzte. Abenduaren 11n, Aitor Etxebarriak eskainiko du kontzertua, 19:00etan; eta abenduaren 12an Vulk taldeak, 17:00etan eta 19:00etan. Abenduaren 19an Kokoschcak eskainiko du kontzertua, eta 20an Belakok: bina kontzertu emango ditu bakoitzak, 17:00etan eta 19:00etan.
Urtarrilaren 30ean Amorantek emango du kontzertua, 19:30ean; eta Reykjavik606 taldeak otsailaren 6an eskainiko du, 19:30ean. Azken kontzertua Liher taldeak egingo du otsailaren 13an, 19:30ean.
Kontzertuetako sarrerak Dabadabako leihatilan erosteko aukera egongo da, kontzertuak hasi baino ordu erdi lehenago.


