Txomiñeneko Arteleku plazaren lanekin "lehenbailehen" hasteko eskatu du Lanberri auzo elkarteak
Donostiako Udalak Txomiñeneko Arteleku plazaren proiektua berreskuratu du –berrabiaraziko dituzten 58 proiektuetako bat da–, nahiz eta ez duen bestelako xehetasunik eman. Lanberri auzo elkarteak proiektuaren informazioa falta dela adierazi du, eta lanekin “lehenbailehen” hasteko eskatu dute. “Etxebizitzak eraiki zituzten, baina lursail hori denborarekin hondakindegi bihurtu da. Plaza egiteko aurrekontuan jarritako dirua benetan erabiltzea eskatzen dugu”, azaldu du auzo elkarteak.
Iazko abuztuan udalak Joaquim Mula arkitektoari adjudikatu zion plazaren proiektua idazteko kontratua. Lanberri auzoak azpimarratu du “lau hilabeteko epea” ezarri zela horretarako: “2019ko gabonetarako proiektua udalaren esku egon behar zuen, ondoren batzordean onartu, obra adjudikatu eta lanekin hasteko. Orain dirudienez duela urtebete proiektuaren idazketa eten zuen udalak”. Prentsaren bidez izan dute horren berri, udalak ez dielako azalpenik eman. “Epeak luzatu dituztela jakin dugu. 2021ko urtarrilerako proiektuaren idazketa bukatuta egon behar du onartu ahal izateko, eta jarraian adjudikatzeko. Bereaz, urte bat baino gehiago galdu da”.
Proiektua atzeratzeko arrazoiak hedabide batean argitu ditu udalak. Iazko urrian kontratua aldi baterako etetea erabaki zuten partaidetza eta kontsulta prozesua egin behar zelako proiektua bera onartu aurretik. Horrekin batera, udaberrian tramitazio guztiak gelditu zituzten pandemiaren ondorioz. Ordea, Lanberri auzo elkarteak dio partaidetza prozesua kontratua gelditu baino lehen egin zela. “Kausa eta ondorio erlazioa ez dago oso argi gure ustez”. Prozesu horretan auzotarrek egindako proposamenak aintzat hartzea eskatu dute. “Udalak konpromisoa hartu zuen, baina ez dakigu proiektuak sartuko dituzten”.
2019ko aurrekontuetan milioi bat euro bideratu zituen udalak Arteleku plazaren lanak egiteko, baina ez zuten erabili. “Orain, berriz, 1,7 milioi euro bideratuko dituztela esan dute. Hori albiste ona da, baina lanak hastea beste kontu bat. Atzoko prentsaurrekoa entzun ondoren, lanak berehala hasiko dituztela dirudi, eta ez da horrela izango”, kritikatu du auzo elkarteak.