Donostiako Udalak 14 milio euroko inbertsioa egingo du 58 proiektu aurrera eramateko
Udalak 64,5 milioi euroko gastua aurreikusi zuen aurten inbertsioak egiteko, eta hori osasun krisiak baldintzatu zuen. Horrela ere, urtea bukatu aurretik zenbait proiektu abian jarriko dituzte.
COVID-19aren eraginez, 2020ko aurrekontuetako inbertsio batzuk eten zituen Donostiako Udalak. Aurtengo kontuen egoera argitu ondoren, lehentasunak ezarri dituzte. Horrela, 14 euro inbertituko dituzte 58 proiektu aurrera eramateko hiriko hainbat eremutan. Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak eman dituzte xehetasunak.
Udalak 64,5 milioi euroko gastua aurreikusi zuen aurten inbertsioak egiteko, eta hori osasun krisiak baldintzatu zuen. Horrela ere, urtea bukatu aurretik zenbait proiektu abian jarriko dituzte. “Udalak bere helburuen zati bat egin ahal izateak erakusten du ez ditugula gure lehentasunak bertan behera utzi, nahiz eta lehentasun horiek birprogramatu diren egoeraren eta beharren arabera”, azaldu du Goiak.
Proiektuen artean, aipatzeko dira tamaina handiko batzuk: “Arteleku plaza abian jartzea, Txomiñeneko ardatz nagusia errematatuko duena eta 1,7 milioi euroko aurrekontua duena; Amarako Ikasketen plaza berritzea 850.000 euroko inbertsioarekin, eta Kontxako bidegorria babestea 761.000 euroko aurrekontuarekin”, adierazi du Garmendiak. Horrekin batera, “proiektu garrantzitsuei” berriz ere ekingo zaiela azpimarratu du. Hala nola, Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak berritzea eta Jolastokieta inguruan igogailu berri bat eraikitzea, “erabiltzaileen eta bizilagunen eskaera historikoei erantzuteko”.
Ekialdeko Barrutiak 350.000 euroko beste proiektu batzuk ere hasi ahal izango ditu berriro, eta horiei beste batzuk gehituko zaizkie Altza aldean; Herrera pasealekuaren eta Txirrita bertsolariaren arteko bidegurutzean biribilgune eta semaforoen bidez trafikoa baretzeko proiektua, 154.654 euroko aurrekontua duena. “Hiria mantentzearekin zerikusia duten jarduketak bultzada hartzen dute ere; haur parkeak aldatu edo berritzea, zauhaitzen mantentzea, galtzada konpontzea eta altzariak margotzea. Era berean, hainbat erreforma egingo dira ikastetxeetan. Amara Berri Morlans, CE Intxaurrondo eta Altzako CE San Jose de Calasanz ikastetxeetako patioak hobetu, Amara Berri Urdanetako espazioak egokitu edo Herrerako HKko arotz-lanak eta fatxadak margortuko dira”, esan du Garmendiak.
Berriz ere abiatuko diren beste proiektu batzuk dira hiriko gune kritikoa hobetzea eta argiztatzea, Viktoria Eugeniaren fatxada historikoaren zati bat berritzea, Emakumeen Etxea mantentzeko lanak egitea, eta hainbat eraikinen birgaitze energetikoak hobetzea. Udalak beste proiektu batzuei bukaera emateko inbertsioak onartu ditu. Besteak beste, Dbusen autobusen biltoki berriaren lanak, Larratxoko igogailua, Astiñeneko zubi berriaren bukaera eta Antso Jakitunaren birmoldaketa. Altzako kiroldegiko lanak ingurua berriz urbanizatuz bukatuko dira, 900.000 euroren truke.