Donostiako Bizikidetzaren aldeko Herritarren Foroa aurkezteko unea iritsi da
Hilaren 9an aurkeztuko dute Donostiako Bizikidetzaren aldeko Herritarren Foroa elkarrizketa gunea, Antzoki Zaharrean. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan izango da, eta erakundeetako ordezkarien aurkezpenaren ostean, Bidea eraikitzen Donostiako Herritar Foroa dokumentala proiektatuko dute.
Udalak sustaturiko ekimena da Herritarren Foroa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikidetza Lantzen programaren barruan. 2015ean jarri zuten abian, eta ibilbide pertsonal, sozial eta ideologiko desberdinak dituzten pertsonek osatu dute. Elkarrizketa prozesu zintzoa eta errespetuzkoa garatu dute. Haien bizipenetatik abiatuta, aniztasunean, kultura demokratikoan eta memoria inklusibo eta ez justifikatzailean bizikidetza eraikitzeko ekarpena nola egin bilatu du foroak.
Orain, ekimena bere ibilbidearen bukaerara iritsi da, eta metodologia zein ondorioak ezagutaraziko dituzte. Udal talde politiko guztietako ordezkariek beren presentziarekin babestuko dute emakume eta gizon horien lana, bizikidetzan aurrera egiten laguntzeko helburuarekin bat etorriz. “Pertsona desberdinen arteko bizikidetza ehuntzen laguntzeko tresna eraginkorra delako eta Euskadiko herri guztietara sarean zabaldu beharko litzatekeelako”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Dokumentala eman ondoren, foroko kideek publikoarekin solasaldia egingo dute. Gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan eskura daitezke, lekuak bete arte.