Gabonetako bost kontzertu eskainiko ditu hiriko bost elizetan
Donostiako Orfeoiak konpromiso bikoitza aurkeztu du. Hilabete honetan, Gabonetako bost kontzertu eskainiko dituzte doan, eta datorren urteari begira, Kontzertu Klasikoen Zikloa antolatu dute Kursaalen.
Pandemiaren ondorioz, orfeoiak aurten aurreikusita zuen “agenda musikal oparo” bertan behera geratu zen martxoan, Adiskideentzako kontzertua barne. “Panorama musikal-koral negargarria utzi du”, adierazi dute. Horri aurre egiteko, “patuaren agintea hartu” dute, eta sustatzaile propio bihurtu dira.
“Gabon bereziki hotzak alaitzeko eta herritarrei musika pixka bat eskaintzeko asmoz”, Gabonetako bost kontzertu eskainiko ditu abesbatzak hiriko bost elizetan. Abenduaren 15ean, San Bizente parrokian (Parte Zaharra) 18:00etan; abenduaren 18an, Artzain Onaren katedralean (Erdialdea) 19:30ean; abenduaren 22an, Familia Santuaren parrokian (Amara) 19:30ran; abenduaren 27an, San Ignazio parrokian (Gros), 18:00etan; eta abenduaren 30ean, San Sebastian Martir parrokian (Antigua), 20:00etan.
Kontzertuak doakoak izango dira, eta, jakina, elizak okupatu ahal izango dira horietako bakoitzean ezartzen den gehienezko edukiera bete arte, osasun arauak betez. Abeslariek maskarekin abestuko dute; pantailak eta kamerak jarriko dituzte eliza guztietan, bertaratzen direnen ikuspena errazteko. “Kontzertu hauek bereziki gure adiskideentzat pentsatuak dira, baina baita ere entzutera joan nahi duten donostiar eta mugakide guztientzat ere; kontzertuek Gabonetako kutsua duen errepertorioa izango dute. Bakarlari batzuekin batera, Gerardo Rifon organo jotzailea eta Sainz Alfaro zuzendaria izango dira bertan”.
Bestalde, orfeoiak Kontzertu Klasikoen Ziklo bat sortu du estreinako aldiz. Bost kontzertu izango dira guztira, hilabete bakoitzeko bat, urtarrilean hasi eta ekainera arte. Hiriak ia urte osoan ezin izan duenez bere abesbatza entzun, zikloko kontzertu guztiak Kursaal Auditorioan eskainiko dira, eta abesbatzak hainbat bakarlari izango ditu lagun, pianoaz, organoaz eta metalez gain. Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako Orfeoiaren zuzendariak gidatuko ditu kontzertuak. Kontzertu bakoitzak 30 euroko prezio bakarra izango du; gainera, 5 kontzertuengatik abonu bat jarriko dute salgai 120 eurotan. Sarrerak abenduaren 5ean jarriko dituzte salgai Kursaaleko leihatilan eta webgunean.