Gizarte zerbitzuen aurrekontutik udalak 3 milioi euro gastatu gabe utzi dituela jakinarazi du EH Bilduk
Donostiako Udalak Gizarte Ekintzako kontseilua egin zuen azaroaren 25ean. Aurtengo aurrekontuaren likidazioari buruzko azalpenean, Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak iragarri zuen aurreikusitako 3 milioi euro gastatu gabe utziko zituztela. EH Bilduko zinegotzi Olaia Duartek eman du horren berri, eta udal gobernuaren erabakia kritikatu du: “Onartezina da pandemiaren urtean gizarte aurrekontuetan zegoen guztia ez gastatu izana, are gehiago, ez dugu ulertzen nola ez den gastatu zegoena baino gehiago, beharrak nabarmenak direlako”.
Gizarte Ekintza sailaren 2020ko aurrekontua 33.832.856,81 eurokoa zen, baina urte amaieran aurreikusitako likidazioa 30.861.886,26 eurokoa izango da. “Nahiz eta COVID-19ren ondorio sozio-ekonomikoen eraginez diru laguntzen eskaerak %33 igo diren Donostian, eta nahiz eta udalak, konfinamendu garaian, ezohiko baliabideak jarri behar izan dituen kalean bizi diren pertsonentzat, 3 milioi euro aurreztu dira. Erabili gabe geldituko diren partida nagusiak sailaren inbertsioei dagozkie; aurreikusitakoaren %11 baino ez da erabili”, azaldu du Duartek.
Udal gobernuaren asmoa aurrekontu orekari eustea dela dio Duartek, eta horregatik ez dutela aurrekontua handitu osasun krisiari aurre egiteko. “Gaurko aurrekontu oreka etorkizuneko gizarte desoreka izango da, desorekak egunetik egunera hazten diren hiri batean, gainera”.
Proposamen zehatzak
Pandemiak eragindako behar sozial aurre egiteko EH Bilduk proposamen zehatzak egin ditu, “baina ezetz esan digute, aurrekonturik ez omen zegoelako”. Besteak beste, ondorengo proposamenak egin dizkiote udal gobernuari: “Gizarte larrialdietarako laguntzak jasotzeko baldintzak malgutzea proposatu genuen, laguntza horiek beste kolektibo batzuetara iristeko eta laguntza gehiago banatzeko. Eta, beste alde batetik, osasun neurrien ondorioz kalean geratu diren hamarnaka etxeko langilerentzako laguntza bat irekitzea proposatu genuen, Errenterian egin duten bezala. Hala ere, ezetz esan ziguten, baina orain badakigu ez dela aurrekontu faltagatik izan, erabaki politiko eta ideologikoengatik baizik”, nabarmendu du Duartek.
Udal gobernuak “aurpegirik neoliberalena” erakutsi duela salatu du, “proiektu batzuk blindatuz eta beste batzuk baztertuz, irizpide ideologiko hutsen arabera”. Horrekin batera, udalak aste honetan inbertsioetarako desblokeatu dituen 14 milioi euroetatik alor sozialera ez dutela ezer bideratuko gaineratu du.