"Pandemia batek hankaz gora jarri dezake euskara ere"
Euskararen Eguna da gaurkoa, eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteko Ainara Vazquezek Donostiako euskararen egoera azaldu du, eta Euskaraldiaren balorazioa egin du, bihar amaituko baita.
Gaurkoa Euskararen Eguna da. Zure iritziz, zein da euskararen egoera Donostian?
Argi dago ezagutza handitu dela azken urteetan, baina erronka handienak erabileran dauzkagu, eta horretan ari gara. Erabilerak aurrerapausoak emateko, oraindik badago bidea. Hala ere, ezagutza ondo dago, baina hobeto daiteke. Horretarako, baliabideak eskaini behar dira, oraindik euskara ez dakitenek ikasteko erraztasunak izan ditzaten. Hor ere badago bidea egiteko.
Pandemiak zer utzi du agerian, euskarari dagokionean?
Nahiko egoera ahulean aurkitu daitekeela. Askotan inpresioa da Donostian euskararen egoera nahiko ondo dagoela, baina pandemia bezalako gauza batek hankaz gora jarri dezake euskara ere. Hutsune nabarmenak agerian jarri dira. Zaintza aldetik, ikusi da eskolatik kanpo euskara ez duten ume eta gazte askorentzat euskara desagertu dela beraien egunerokotik.
Euskaraldia bihar amaituko da, eta Bagera antolatzen aritu da hirian. Nola baloratzen duzue?
Nik uste dut nabaritu dela aurtengo egoerak antolaketarako muga batzuk ekarri dizkigula, eta jendearen aktibazioa egun hauetan lortzea kosta da. Baina aurrera atera da, eta behintzat lortu dugu COVID-19az besterik hitz egiten ez den garai hauetan euskararen gaia mahaian jartzea. Alde horretatik, balorazio ona egiten dugu: lortu dugu kalera ateratzea, baina ez da erraza izan egoera honetan jendea aktibatzea. Baina uste dugu lortu dugula.
2021era begira, zeintzuk dira Bagera elkartearen erronka nagusiak?
Jarraituko dugu jendea aktibatzen eta euskararen erabilera sustatzen; ildo horretatik jarraituko dugu lanean. Bestetik, guk dirulaguntzekin asko funtzionatzen dugu, eta kezka dugu egoera honetan nola eragingo digun ekonomikoki. Lehendik nahiko arlo prekarioa da, ez da oso egonkorra. Baliabideek uzten diguten bidetik, lan horietan jarraituko dugu: ahalik eta baliabide gehien eskaintzen euskaraz bizi nahi duten pertsonei bidea errazteko.