Realak garaipena behar du Rijekaren aurka
Realak Rijeka talde kroaziarraren aurkako norgehiagoka jokatuko du gaur Anoetan (21:00etan), Europa ligako bosgarren jardunaldian. Txuri-urdinak garaipenaren bila aterako dira, irabazten badute oso hurbil izango baitute hurrengo faserako sailkapena. Hain zuzen, Realak irabazten badu eta Napolik AZ Alkmaar garaitzen badu, italiarrak eta txuri-urdinak matematikoki sailkatuta egongo lirateke. Napolik holandarrekin berdintzen badu, aldiz, Realak gutxienez puntu bat eskuratu beharko luke Napoliren aurkako partidan, azken jardunaldian.
Hasiera batean, Realak Rijeka irabazi beharko luke, Kroaziako taldeak ez baitu partida bat bakarra ere irabazi Europa ligan. Gainera, Imanol Alguacilek David Silva berreskuratu du norgehiagoka honetarako, eta garaipena lortzeko aukerak areagotzen ditu horrek. Izan ere, Silva taldeko jokalari garrantzitsuenetako bat izaten ari da denboraldi honetan, eta bere falta nabaritu zen AZ Alkmaarren aurkako partidan. Horretaz gain, taldeko hainbat jokalari ere atseden hartuta helduko dira gaueko norgehiagokara, hala nola, Isak, Portu, Januzaj, Monreal eta Zubimendi; suediarrak ez zuen jokatu igandean, eta gainontzekoek ez zuten partida osoa jokatu.