Hau beromena!
Geratzen diren berdeguneak urbanizatu gabe mantendu, babesgune berriak eratu edo balio naturalak babestea erokeria da. Ez, ordea, bizi dugun krisialdi ekologikoan porlanaren aldeko apustua: AHTa, Metroa, Belartza II... Bero gaude eta ez soilik klima aldaketak eraginda.

Maiz entzun behar izan dugu zoratuta gaudela. Eskatzen ditugun gauzak, naturaren kontserbazioa, kasurako, erokeriak omen dira, eta gure eskariak txantxatzat hartu ohi dituzte. Egia esan, gutxitan hartu dituzte aintzat, ezta legedia alde genuenean ere, Belartzako aferan bezalaxe. Haientzat, ingurumena zerbait bada, azkena izan behar du, bestela ez baita ulertzen epe motzera eta bakar batzuen ekonomiaren alde egiten duten politika. Planeta bakarra dugu. Baliabideak ez dira agorrezinak. Bizi dugun krisialdi ekologikoa, zeinak habitat eta biodibertsitatearen galeraren ondorioz orain pairatzen ari garen pandemia bera ekarri digun, ez da ero batzuen asmakizuna.
Klima aldaketaren inguruan eztabaida gutxi dago egun. Ekologista eta muturreko zientzialari batzuen kontua zena, gaur inork gutxik jartzen du zalantzan. Politikariek beraiek bolo-bolo darabilte adierazpen instituzional ponposoak eginez. Diskurtsotik harago ez badoaz, ordea, jai daukagu. Aldaketa sakonak behar dira aurre egingo badiogu eta ondorioak arinduko baditugu. Honezkero diskurtsoak eta hitz politak haizeak eraman ditu. Ekintzara jo behar dugu, eginbide berriak jorratu, eta orain arteko politika xahutzaileak behin betiko alboratu.
Tenperaturak gorantz doaz etenik gabe, azken urteak erregistraturiko beroenak izan direlarik. Berotegi efektuaren ondorioa da, itsas-mailaren igoera bezala. XX. mendean 15 zentimetro igo zen, baina igoera erritmoa azkartzen ari da agudo, Donostiako hondartzak desagertzeko arriskua areagotuz. Beroa are nabarmenagoa da hiri barnean, parkeetan eta mendietan baino, eta okerrera egingo du. Hortaz, aipaturiko guztiaren jakitun izanik, ez da ulertzen zergatik dabiltzan horren temati gure agintariak, agortuta dagoen egungo ereduari eutsiz. Klima aldaketa ezin bada saihestu, kalteak, bederen, ahalik eta txikienak izateko ahalegin guztiak eta bi egin beharko lituzkete, aldi berean ondorioak leuntzeko neurriak aurreikusiz. Egokitzapena funtsezkoa da, baina gure karbono-aztarna asko jaistea ezinbestekoa.
Mundu mailan jokatzen den partida da ezbairik gabe, eta ez gara jokalari bakarrak, baina txikitik handira jo behar dugu. Planeta osoa kontuan hartu, orokorrean pentsatu, baina tokian jardun. Agintariek, ordea, handietan soilik pentsatzen dute: enpresa handietan, proiektu handietan, obra handietan, mozkin handietan… handikeriatan. Maiz samar ur handitan sartzen dira, ordea, Donostiako Metroko lanen lardaskeriak agerian utzi duenez. Zuloak sortu dira, ezegonkortasunak eta orain iragartzen dituzte ikerketak. Orduan proiektu fasean zer demontre egin zuten? Nork esan zezakeen hondartza azpian, itsas maila azpian eta hareatsua den eremuan ura eta hondarra ager zitekeela. Halakorik entzun behar izatea ere! Hori bai, lanok %100eko gainkostua izango dutela aurreratu dute. Behar ez dugun proiektu hau sortzen ari den ingurumen inpaktua itzulezina da. Obra fasean isurtzen ari den karbonoa konpentsatuko al da inoiz?

Metroaren Bentaberriko geltokia eta Erdialdera doan tunela elkartu zituzten uneari begira hainbat agintari. (Argazkia: Donostiako Udala)
Koronabirusak garbi utzi du ase beharreko lehentasunak egon badaudela. Aldiz, azpiegitura erraldoien alde eginez jarraitzen dute. Diru publikoa osasun sistema edo hezkuntza bezalako funtsezko gaietara zuzendu ordez, obretara eta porlanera doa. Donostiako Metroa aipatu dugu, baina abiadura handiko trenarena okerragoa da. Loturarik eta amaierarik ez duen inoizko obrarik luzeena da, azkartasunerako hain garrantzitsua zena. Egungo egoeran egoskor agertzen dira, ordea, erokeria bultzatzen eta mahai gainean dago Donostiako geltokiarena. Dirutza itzela trena Astigarragako ibilbide nagusitik desbideratuko duen distantzia motzerako. Ekonomia amalurra bezain zulatua. Ingurumen kalteak itzulezinak eta iraunkorrak, betiko.
Pandemia egoera honetan jendeak berdeguneak bilatzen ditu. Gehiago behar ditugu. Udalak gelditzen dena babestu beharko luke naturgune berriak eratuz. Zergatik ez Belartza Goikoa birkalifikatu eta Unanue Landa Parkean barneratu. Zertarako saltoki handiak eta frankiziaz beteriko merkataritza gune erraldoi gehiago, saltoki txikiak hilzorian daudenean?
Klimaren larrialdia dela eta, autoaren erabilera murriztu behar da, herrigunetik ateraz eta auzoetan abiadura motelduz, Dbus bultzatuz, oinezkoentzat kale gehiago sortuz eta bidegorri sarea zabalduz. Kontrako noranzkoan doa San Bartolomeko parking berria, Erdialdeko lur azpiko aparkalekuen akatsa errepikatuz. Kutsaduraren kontra, beroaren aurrean, estresaren aurrean, klima aldaketaren kontra: zuhaitzak. Ez moztu eta gehiago landatu, Txomiñenean ez bezala. Loiolako saihesbidea hiribide bilakatzeko lanak hasi berriak diren honetan, amaiera berdea nahiko genuke, ez topo geltoki inguruaren tankerakoa; basamortu grisa.
Porlanaren sukarra eromena da, baina horrela jarraituz gero klimak gehiago berotuko du, eta orduan bai, beromena izango da atzera bueltarik gabe.