"Nire burua hobeto ezagutzeko tresna bat izan da gimnastika erritmikoa"
Unai Arrieta (Aiete, 1996) 15 urte zituenean hasi zen gimnastika erritmikoarekin, eta Mutilen Erreginaren Kopako txapelduna izan zen duela aste batzuk. Iaz egin zen lehen aldiz txapelketa hau, eta aurten egingo da lehen txapelketa mistoa. Lorpenak lorpen, bidea egiteko falta dela dio Donosti gimnastika erritmikoko taldeko gimnastak. Taldeko entrenatzailea ere bada.
Nola hasi zinen kirol honetan?
Ikastolan, gimnastika erritmikoa egiten zuen oso lagun on bat nuen. Niri asko gustatzen zitzaidan ikastolaren egunean, gimnastika erritmikoa zegoenean, beraiek ikustera joatea. Lagunak probatzea proposatu zidan. Nik malgutasun handia nuenez, probatu nuen, eta kirolak txoratu ninduen. 15 bat urte izango nituen.
Beste kirolik egiten zenuen?
14 urterekin, balleta egiten hasi nintzen. Dantza eta gimnastika mundua betidanik gustatu zait.
Non hasi zinen?
Tximeleta taldean, nire laguna han aritzen baitzen. Baina Usurbilgo kiroldegian egiten genituen entrenamenduak, eta nik nahiago nituen Donostian egin. 16 urterekin, gazte mailan, Club Donostin hasi nintzen.
Gimnastika probatu zenuenean, zerk erakarri zintuen gehien?
Nire burua adierazteko tresna bat dela; musika bat interpretatzeko aukera ematen dit. Hasieratik, kirol honetatik gehien gustatu zaidana hori izan da.
Une batetik aurrera, zailtasunak topatzen dituzu lehiatzeko.
Ni eskola mailan hasi nintzen, eta Euskadin ez dago arazorik mutilek gimnastika bakarka zein taldeka egiteko. Talde mistoa osatzen genuen, eta beste hainbat talderekin lehiatu. Federatuen mailara igarotzean, Espainia mailan, zailtasunak topatu nituen: mutilok ezin genuen taldeka lehiatu. Niretzat, gauza honek duen gauza zoragarrienetakoa da taldeka lehiatzea. Beraz, maila federatuan ikusi nituen oztopoak.
Geroztik, zein izan da bilakaera?
Nik zortea izan dut. 2017an hasi nintzen federatuen mailan, eta urte horretan bertan Espainiako txapelketan parte hartu nuen. Iaz, Mutilen Erreginaren Kopa antolatu zuten lehen aldiz —Erkidegoka lehiatzen da—, eta aurten, udan, onartu dute Espainiako Talde Mistoko Lehen txapelketa egitea. Azken hau oso aurrerapauso handia izan da. Pentsatzen nuen horrelakorik ez zela antolatuko hemendik hogei urtera arte-edo. Niretzat amets bat da hau.
Zergatik uste zenuen oraindik beste hogei urte beharko zirela?
Nire ikuspuntutik, kirol honetan, federazioetako goi mailan daudenek pentsamolde pixka bat arkaikoa dute. Egia da guk presio handia egin dugula aurrerapauso hauek izan daitezen. Baina oso ezinezkotzat jotzen nuen.
Donostian, federatuen mailan lehian aritzen den mutil bakarra zara?
Bai. Hala ere, gure klubean badaude beste bi mutil ere —Unax Pellejero eta Lander Beramendi— lehian dabiltzanak. Unaxek datorren urtean egingo du salto federatuen mailara, eta Landerrekin ere horretarako lanean gabiltza.
Hirian, gimnastika erritmikoa egiten duten geroz eta mutil gehiago daudela esango zenuke?
Gimnasta izateaz gain, entrenatzailea ere banaiz, eta nabaritu dut azkeneko urteetan geroz eta mutil gehiagok interesa dutela kirol honetan. Dena den, sei urte hauetan, zazpi bat mutil izango ziren nire taldean, eta bik bakarrik jarraitu dute. Beraz, kirolak interes handiagoa sustatu du, baina honekin jarraitzea, gizartearen presioak kontutan izanda, oso zaila da.
Kirol honek eskatzen duen diziplinak ere eragin dezake horretan?
Egia da gimnastika erritmikoa kirol zaila dela, eta ordu asko sartu behar dituzula maila batera iristeko. Baina, batik bat haurra zarenean, gizartearen presioak erraz eragin diezazuke honekin ez jarraitzeko.
Zuk presio hori sentitu duzu?
15 urterekin hasi nintzenez, oso nortasun finkoa nuen. Oso argi nuen zer nahi nuen, eta ez nuen presio hori sumatzen. Gainera, nire klubean beso-zabalik hartu ninduten, eta federazioek ere erraztasunak jarri zizkidaten. Horrekin batera, familian betidanik lagundu didate. Zentzu horretan, zorte handia izan dut, ez dudalako inolako oztoporik izan.
Zer geratzen da egiteko gimnastika erritmikoan berdintasuna lortzeko?
Oraindik hainbat gauza geratzen dira, adibidez, Espainiako Kidekako Txapelketa, hau ere mistoa. Alegia, nik mazoekin egiten ditut txapelketak, eta beste taldekide batek uztailarekin. Taldeka izango litzateke biok lortutako puntuak elkartzea. Harago, nire ustez, kirolak generorik ez duela dioen mezu bat zabaltzea falta da gizartean. Azkenean oso ondo dago aurrerapausoak ematea, baina uste dut atzean ere lana egin behar dela berdintasuna sustatzeko.
Haurrei dagokienez, aldaketarik nabaritu duzu?
Gu saiatzen gara klubean denak berdin sentiarazten. Noski, denetarik dago. Hala ere, bai ikusi dudala urte hauetan, neskek modu normal batean ikusten dutela taldean mutilak izatea. Egia da lehen bazeudela begiradak, edo galderak. Niri ere, entrenatzailea naizela, haurrek lehen galdetzen zidaten nolatan egiten nuen gimnastika. Orain ez naiz halako gauzekin topatzen. Uste dut pixka bat aldatu dela.
Duela hiru aste Erreginaren Kopa izan zen, eta Eneko Lambeak eta zuk urrezko domina eraman zenuten, Euskadiko selekzioarekin. Zer izan zen hori zuretzat?
Poz handia. Iaz, lehenengo Erreginaren Kopa egin zenean, oso pozik ginen emandako aurrerapausoarengatik. Aurtengoa desberdina izan da, ez baitzegoen ikuslerik, eta euren berotasuna beste modu batera jaso dugulako. Hala ere, pandemia honen erdian, tapizera itzultzea gozamen handia izan da. Eta horri gehitzen badiogu txapelketan egin nuen lan ona, ba, pozaren pozez nago.
Nola moldatu zara zure entrenamenduak egiteko?
Klubetik, entrenatzaileek lan ona egin dute. Izan ere, oztopo handiak izan ditugu, esaterako, entrenatzeko tokian murrizketak, eta guk nahi genituen ordutegiak ez izatea. Horrekin batera, kadete taldeek txapelketak zituzten, baina azaroaren 6an argitaratu zuten dekretuan Eskola Kirola eta oinarrizko kirola bertan behera utzi zituzten. Soilik senior mailako federatuok egin dezakegu. Horrek motibazio falta handia sentiarazi digu klubean. Batetik, gure kluba arriskuan ikusi dugulako; bestetik, hilabete hauetako lan guztia zapuztu delako. Zentzu horretan, erakundeei erraztasun handiagoak eskatzen dizkiegu gure kirola egiteko eta gure lana aurrera eramateko.
Federatuen kasuan, nola egiten duzue entrenatzeko?
Federatuen mailan gaudenez, talde lana egin dezakegu. Beroketak bakarka egiten ditugu, distantzia handiarekin. Tenperatura hartzen digute, gela askotan ematen dugu, eta maskararekin entrenatzen dugu denbora guztian. Egia da orain derrigorrezkoa dela, baina derrigorrezkoa ez zenean ere kirola egiteko maskara jartzen genuen.
Nolakoa da maskararekin entrenatzea?
Oso gogorra. Gainera, gure kirolean, eskuan aparatuak dituzu. Oso adi egon behar duzu, nondik eroriko zaizun ikusteko. Azkenean maskarak entrenamenduetan oztopo egiten dizu. Baina moldatzen zara. Zerbait hainbeste gustatzen zaizunean, ahaztu egiten zaizu.
Entrenatzaile moduan, haurren eskolak egiten jarraitzen duzu?
Bai. Gure lana aurrera ateratzeko eskolak online egiten ditugu berriro. Baina nabari da haur asko ez daudela motibatuta. Azkenean, ez da berdina. Horregatik eskatzen dugu kiroldegietara itzuli ahal izatea. Beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak ezarri ditugu irailetik, haurrak aurrez aurreko entrenamenduetara itzuli zirenetik: gela, tenperatura hartu, distantziak mantendu eta abar. Lana ere indibidualki egiten dute. Modu horretan, haurrek ez dute inolako arriskurik kutsatzeko.
Zer da zuretzat gimnastika erritmikoa?
Nire burua hobeto ezagutzeko tresna bat izan da. Bizitza beste modu batera ikusten erakutsi dit. Badakit apur bat klixea dela hau, baina hala da. Hainbeste ordu igarotzen dituzunean kirol bat egiten, pertsona berdinekin, zure burua beste modu batera ezagutzen duzu. Era berean, erakutsi dit hemen ikasitako guztia nire bizitzako beste esparru batzuetara pasatzen.
Komunikazioko Gradua ikasi zenuen, eta gimnastika erritmikoari buruzko Gradu Amaierako Lana egin zenuen, duela bi urte. Zergatik zen garrantzitsua zuretzat bi arlo horiek uztartzea?
Komunikazioa nire beste pasioetako bat da, eta oso ideia ona iruditu zitzaidan biak nahastea. Oso motibatuta nengoen. Gainera, gimnastikak niri hainbeste eman didanez, sentitzen nuen gimnastika erritmikoarengatik zerbait egin nahi nuela nik ere. Filosofia horrekin hasi nitzen. Ikusi nuen desberdintasun handiak zeudela federatuen mailan mutilen eta nesken artean, eta hori plazaratu nahi nuen, bestelako errealitateak ikus zitezen. Dokumental bat egin nuen. Hala ere, esan dudan moduan, oso pozik nago, geroztik aldaketa handiak izan direlako.
Bi gauzak uztartzen jarraitzen duzu?
Hori da. Goizean kultur talde batean egiten dut lan, komunikazioa eta administrazioa kudeatzen, eta arratsaldetan, klubean aritzen naiz, gimnasta eta entrenatzaile bezala.
Uneren batean pentsatu duzu uztea?
Bai. Aurten uztea pentsatu nuen, baina taldekako txapelketa jarri zutenez, eta nik betidanik egin nahi izan dudanez hori, jarraitzea erabaki nuen. Urte asko izan dira, eta gauza asko uzten dituzu alde batera kirol hau egiteko. Nik betidanik izan dut antzerkia ikasteko edo dantzan jarraitzeko gogoa. Gimnastika erritmikoaz gain, dantza garaikidea eta balleta egiten dut, eta bide horrek nire arreta deitu du beti. Momentuz, hemen jarraitzen dut. Eta batek daki noiz arte.