"Ez bagaituzte laguntzen ezin dugu aurrera egin"
Ostalariek elkarretaratze zaratatsua egin dute udaletxe aurrean, "laguntza zuzenak" eskatzeko.
SOS Ostalaritza taldeak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute hamarnaka ostalarik Donostiako udaletxearen aurrean. Zarata egiten zuten bitartean, “Langileak gara, ez gaizkileak”, “Laguntza zuzenak orain”, “Laguntzarik gabe, hilko gaituzue” eta “Ostalariak aurrera” bezala leloak entzun ahal izan dira.
Hala azaldu du ostalarien egoera Parte Zaharreko Cubi tabernako Garazi Otegik: “Laguntzak behar ditugu: horrela ezin dugu aurrera segi. Eskatzen diegu laguntza emateko lehenbailehen, itota gaudelako denok. Ezin dugu horrela jarraitu. Asko entzuten ari gara telebistan Eusko Jaurlaritzako laguntzei buruz, baina ezer ez da iristen: ez udalaren aldetik, ez Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Inondik ez dator inolako laguntzarik, eta erabat itota gaude. Aurreko aldian hiru hilabetez egon ginen itxita, irekita egon garenean justu aritu gara murrizketengatik, eta orain berriro denok etxean gaude. Horrela noiz arte? Ez bagaituzte laguntzen ezin dugu aurrera egin”.
Abenduaren 12an, larunbata, manifestazioa egingo dute Donostian, 17:30ean hasita.