44 urte Atotxan ikurrina zelairatu zutenetik
1976ko abenduaren 5an izan zen, Realaren eta Athleticen arteko derbian. Kortabarria eta Iribar kapitainek atera zuten zelaira, eta Joxean De La Hozek sartu zuen Atotxan. Partida 5 eta 0 bukatu zen.
1976ko abenduaren 5an Realak eta Athleticek derbia jokatu zuten Atotxan. Futbolaz harago, partida hura oso garrantzitsua izan zen: Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar bi taldeetako kapitainak ikurrina eutsita zelairatu ziren, oraindik ikurrina debekatuta bazegoen ere. Bi hilabete beranduago legeztatu zuten.
Ikurrina Joxean De La Hozek sartu zuen Atotxan, haren arreba Mirenek egindakoa. Garai hartan, De La Hoz Realeko jokalaria zen, baina egun horretan ez zuten deialdian sartu.
Partida hura Realak 5 eta 0 irabazi zuen, Gazteluren eta Satrustegiren bi golekin, eta Zamoraren batekin. Egun horretan, hain zuzen, Gaztelu bera omendu zuten.