Euskaraldiaren mezua hormairudi batean jaso dute Martutenen
Euskaraldia atzo bukatu zen, “eta aldatu ditugun dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain”, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak adierazi zuenez. Martutenen, egindako ariketa, eta finkatutako ohitura berriak gogoratzeko hormairudi koloretsu bat izango dute hemendik aurrera. Ainara Azpiazu Aduriz Axpi (Hernani, Gipuzkoa, 1980) artistak egin du, Euskaraldiak iraun duen bitartean, Martuteneko Euskara Elkartearen enkargu bati erantzunez. “Ea paretean bezala, guregan ere irauten duen leloak, eta euskaraz aritzen garen gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”, nabarmendu du artistak bere sare sozialetan. Hormairudiak egiteaz gain, ilustratzailea eta komikigilea da Azpiazu.
Donostiako Euskaraldiko datuak oraindik iragarri ez badituzte ere, guztira 179.780 lagunek eman dute izena ariketa honetan, eta ariguneak izan dira ezaugarri nabarmenenak. Aurtengo egoerak eragina izan duela azpimarratu zuen Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Euskaraldiari amaiera jartzeko eginiko ekitaldian.