Sara Azurza abeslari donostiarrak 'London weather' abestia atera du

Abestiaren bideoklipa ere atera du Azurzak.(Argazkia: Sara Azurza)

Sara Azurza abeslari donostiarrak abesti berri bat kaleratu du, London weather izenekoa. “Nik uste dut nahiko soul edo neosoul ukituak hartu ditudala, eta gainera nire intentzioa hori izan zen, uste baitut Euskal Herrian mota horretako musika gutxi egiten dela”, kontatu du artistak. Iker Laurobak ekoitzi du, eta masterra Gorka Urrak egin du.

Abestia Ingalaterran masterra ikasten ari zela idatzi zuen. “Hasiera berriek inspiratu zidaten. Azkenean, hasiera berriek badute urduri sentiarazten zaituztete hasieran, baina uste dut onak direla eta norberaren burua hobeto ezagutzeko balio dutela”, azaldu du Azurzak.

Abestiaren bideoklipean ere mezu hori jaso nahi izan dute. “Hasieran Sara mozorrotuago bat ikusten dugu eta bigarren zati batean Sara etxekoago bat. Hain zuzen, helarazi nahi du hasiera berrietan, hasieran mozorrotzeko joera dugula, batik bat zure burua gustura sentitu dadin, baina ondoren konturatzen zara nor zaren”. Bideoklipa Ane Lopez de Zubiriak zuzendu eta muntatu, Pablo Diezen laguntzarekin. Argiztatze lanak Jose Luis Lopez de Zubiriak egin ditu. Estilista Ane Olazabal izan da, eta ilea apaintzen eta makillatzen Ainhoa Eskisabel aritu da. Diseinu grafikoa Marco Perezek egin du, eta Dolores Saizek bideokliparen kolorea.

Azurza proiektu bat lantzen ari da datorren urtera begira, oraindik izenik ez duena. EPa ala diskoa izango den ere ez daki, baina bai euskara eta ingelesa uztartuko dituela. London weather proiektu horren aurrerapena da, eta ziurrenik, bigarren singlea euskaraz izango da.

Duela bi urte ere disko bat atera zuen, Theorein izenekoa, baina proiektu berriak estilo guztiz desberdina izango du. “Abesti intimoagoak edo akustikoagoak ziren aurrekoak. Orain abesti alaiagoekin nator, eta soul estilokoak”. Horregatik ere, “metaforikoki”, single hau “nire musika ibilbideko etapa berri baten hasieratzat” jo du abeslariak.

HITZAkide HITZAkide