Txanpuene baserriaren omenezko bideoa eta bertsoa egin dute
Gutxi geratzen da Amarako Txanpuene baserriaren eraikina guztiz desagertu dadin, baina Amarako bizilagunen eta hango maizterren oroitzapenek inoiz baino indartsuago diraute. Horregatik, han bizitakoak ez daitezen desagertu, argazkiekin bideo bat osatu dute, Txanpuenen egindako jarduerekin, eta Iñaki Goñi Nerbios Amarako bizilagunak bertsoa idatzi eta abestu dio XVIII. mendeko baserriari. Emaitza gaur goizean zabaldu dute:
Txanpuene, Amarako azken baserria, asteartean hustu zuten. Maizterrak saiatu ziren eraisketa bertan behera geratu zedin lortzen, baina ostegunean iritsi ziren hondeamakinak, eta atzo arratsaldean ekin zioten baserria botatzeari. Soilik teilatuan zegoen gurutzea eta pareta bateko ateburua babestuko dituzte. Haren tokian, luxuzko etxebizitzak egingo dituzte. Mikel Elkoroberezibar Irutxuloko Hitzako kazetariak gaiari buruzko jarraipen zabala egin du aste honetan. Eraisketa jarraitu zuen zuzen-zuzenean, eta honi buruzko kronika egin zuen. Era berean, baserriaren historia eta eraisketaren nondik norakoak ezagutzeko erreportajea argitaratu du aste honetako astekarian.