Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituztenentzat 304 lanpostu sustatuko ditu udalak
Donostiako Udalak, Sustapenaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Lanbideren laguntzarekin, gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituztenentzat 304 enplegu sustatuko dituzte. 1.676.397 euroko aurrekontua izango du, eta Lanbidek 1.376.397 euro jarriko ditu.
Alde batetik, Enplegua Sustatzeko jarduerak, Gureak Garbitasuna SLUrekin lankidetzan, gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten 24 langabetu kontratatuko ditu –21 langile eta 3 arduradun– lanaldi osoan sei hilabetez, udal instalazioak garbitzeko aparteko lanak egiteko. Lanbidek 300.000 euroko diru laguntza emango dio udalari jarduera horretarako.
Bestalde, tokiko enpresentzako laguntzak sustatzeko jardueraren barruan, 280 pertsona kontratatzea aurreikusten da, taldeko kide izateagatik eta zaurgarritasun handiagoa izateagatik hiriko langabeen kontratazioa errazteko. Horrela, 142 laguntza emango dira kolektiboetako pertsonei lotuta; hala nola, diru sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) hartzaile titular edo onuradunei, iraupen luzeko langabetuei eta 55 urtetik gorako pertsonei. Diru laguntza 9.000 euro artekoa izan daiteke lanaldi osoko sei hilabeteko kontratazioetarako. 280 kontratazio horietatik 160, gutxienez, emakumeak izango direla aurreikusten da (%57,2), eta aipatutako zenbatekoak %10 gehituko dira kontratuak emakumeekin egiten direnean.
Taldeetakoak ez diren pertsonei lotutako 138 kontratu ere aurreikusten dira. Kasu horretan, diru laguntza 6.000 euro artekoa izan daiteke lanaldi osoko sei hilabeteko kontratazioetarako. Laguntzaren azken zenbatekoa ezin da soldaten eta Gizarte Segurantzako kostuen %75 baino handiagoa izan.