Sektore "txikienak eta ikusezinenak" egoera larrian daudela ohartarazi du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostia udal taldeak nabarmendu du udal gobernuak “oraindik” ez dituela iragarri “taxien, ile apaindegien, hurbileko denda txikien, bidai agentzia txikien eta beste sektore txikientzako” laguntzarik, baliabiderik eta plan espezifikorik.
“Pandemiak egoera dramatikoan utzi ditu hiriko sektore txikienak eta ikusezinenak, eta ia oharkabean pasatzen ari da, nahiz eta hiriko jarduera ekonomikoaren bolumen handia izan eta milaka enplegu eta familia horren mende egon. Pandemiari aurre egiteko ezarritako edukiera murrizketak eragin handia izaten ari dira sektore horien jardueran, eta ia desagertuta geratzen dira”, ohartarazi du Elkarrekin Donostiaren bozeramaile Aitzole Aranetak.
Aipaturiko sektoreak osasun krisiak egoera larriagotu dien esparru eta jarduera ekonomikoen multzo zabal horretan sartzen direla salatu du Aranetak. “Indarrean dauden mugek desagertzeko zorian uzten dituzte hainbat sektore, eta udal gobernuak ez du ezer iragarri pairatzen duten egoera larria arintzeko”. Horrekin batera, kritikatu du EAJren eta PSE-EEren gobernuak uko egin ziola 2021eko aurrekontuetan ostalaritzarako, aisialdirako eta turismorako erreskate partidak sartzeari, “euren beharrei eta eskaerei erantzuteko”. Aranetaren ustez, sektore horien aldarrikapenak hurrengo udal aurrekontuetan jaso beharko lirateke; “izan ere, aurrekontu horiek erreskaterako partida ekonomiko espezifikoak izan beharko lituzkete, ostalaritzaren, aisialdiaren eta turismoaren parte hartze aktiboaren bidez haien beharrei erantzuteko”.