Terrazen ordenantza malgutu du udalak ostalariei laguntzeko
Eneko Goiak uste du ostalaritzaren irekiera larunbatean edo asteburuan izan daitekeela. Dena dela, azpimarratu du erabaki hori LABI batzordeak eman beharko duela.
Pasa den astetik indarrean daude terrazen ordenantza malgutzen duten neurriak. Ostalariek euren establezimenduak irekitzeko baimena duten momentutik aurrera aplikatuko dira, eta pandemiak iraun bitartean. Horren ildotik, Eneko Goia alkateak uste du ostalaritzaren irekiera larunbatean edo asteburuan izan daitekeela. Dena dela, azpimarratu du erabaki hori LABI batzordeak eman beharko duela. Etzi dute hurrengo bilera, eta alkateak esandakotik ondorioztatu daiteke ostalariei eragingo dien erabakiren bat hartuko dutela.
Terrazen ordenantzaren aldaketa edo malgutze nagusiak hainbat izango dira, aurreko fasetik hona. Parte Zaharrean salbuespen bat egingo dute. Mahai altuak dituzten tabernetan gehienez hiru aulki jarri ahal izango dituzte hormaren aurka. Bestalde, establezimendutik ikusi ezin den leku batean jarri ahalko da terraza. Horrekin batera, udalak pasa den astean aurreratu zuen aparkalekuetan terrazak jartzeko aukera izango duela ostalariek, beti ere, beste aukerarik ez badute. Horretarako hainbat baldintza bete beharko dira. Bestalde, berogailu elektrikoen ordez gas naturala dutenak erabiltzea baimendu du udalak, behin behineko egoera izanik instalazio elektrikoak ez egiteko.