Dkluba zirkuitua berrabiarazi dute
COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurretik, musika programazio egonkorra modu profesionalean eskaintzen zuen kluben eta tabernen sarea berreskuratzen laguntzeko itzuli da Dkluba zirkuitua: Dabadaba, Doka, Altxerri, ¡Be!Club… Azken hilabeteetan hartutako osasun neurrien eta ostalaritzaren itxieraren ondorioz, programazioa atzeratzen joan den arren, musika aretoen eta banden jarduera suspertzea bultzatzera itzuli da.
Dkluba areto bakoitzaren hiru kontzertuetan elkarlanean aritu ahalko da, eta Musikagela zerbitzutik datozen taldeen emanaldiak ere eskainiko ditu. Emanaldietarako sarrerak areto bakoitzak duen sistemaren bitartez eskura ahal izango dira, eta Donostia Kulturak gonbidapenak zozkatuko ditu bazkideen artean.
Hilaren 5ean berrabiarazi zuen zirkuitua Antiguako Doka antzokiak, eta hilaren 12an Bartzelonako Ke Te Kalles taldea ikus ahal izango da zuzenean. 2021. urte hasieran, zirkuituarekin bat egingo du Egiako Dadadaba aretoak. Urtarrilaren 3an Hyedra ariko dira zuzenean, eta 28an Comic Sans taldea, biak ala biak donostiarrak.
Donostia Kulturaren, Beste bat! zirkuituaren eta Durangoko Azokaren emanaldien bidez hiriko musika aretoen eta banden jarduera biziberritzen hasi da. Zirkuitura gehitzen joango diren data eta gune berriak Dklubaren, Donostia Kulturaren eta aretoen webguneen eta sare sozialen bidez emango dira ezagutzera.