Larunbatean Altzako egutegia eskuratu ahal izango da
Altzako Historia Mintegiak auzoko 2021eko egutegiak banatuko ditu larunbatean, hilaren 12an, Intxaurrondoko Txaparrene parkean, 11:00etatik 13:00etara. Aurten, Garberan ikusgai dagoen Intxaurrondo: ibilaldi bat iraganetik argazki zaharren erakusketan dauden bi argazkirekin egin dituzte egutegi handia zein txikia, eta irudi horiek larunbatean bertan ikusgai izango dira Txaparreneko kioskoan, egutegiak banatzen dituzten bitartean.
Pandemia dela eta, aurten ezin izan dute egutegiaren aurkezpena eta banaketa leku itxi batean egin, beraz, Intxaurrondoko IZBE auzo elkartearekin eta Larrotxene Kultur Etxearekin lankidetzan, ekitaldia kalera eraman dute. Eguraldi txarra eginez gero, egutegien banaketa Larrotxenen egingo lukete. Era berean, larunbatean Txaparreneko kioskora joaterik ez dutenek, Erdikoa tabernan, Zubiaurre okindegian, Nido tabernan, Zumardi tabernan, Lizarra kanpinean eta Artzak-Ortzeok elkartean eskuratu ditzakete egutegiak, baita Altzako Historia Mintegiarekin harremanetan jarrita ere, 649-49 66 07 telefono zenbakira deituta edo idatzita edo ahm@altza.net helbide elektronikora idatzita.