44 koronabirus kasu berri Donostian
Intzidentzia metatua 471,78koa da, eta herenegundik hiria ez da gune gorria. Loiola 500 kasuen langatik gora kokatu da, eta Groseko egoerak hobera egin du.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren inguruko atzoko datuak argitaratu berri ditu. Guztira, 44 koronabirus kasu zenbatu zituzten atzo. Hiriko intzidentzia metatua 471,78koa da. Donostiak herenegun gune gorri izateari utzi zion, eta ordutik hona, kutsatze abiadura geroz eta txikiagoa da hirian.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona berri gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, zifra hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Bestetik, atzo publiko egindako ohar baten bidez, Osakidetzak azaldu du COVID-19 positiboak zenbatzeko orain arte erabili dituen neurketa-irizpideak aldatu egingo dituela. Izan ere, antigeno-testen bidez lortutako positiboak ez ziren zenbatzen ospitaleratze-datuetan, eta ondorioz, benetako kasuak baino zenbaki baxuagoak eman ditu. Astelehenean, esaterako, adierazi zuten EAEko COVID-19 kasuak 457 zirela, baina benetan 529 ziren: 127 paziente gehiago.
Kutsatze intzidentzia osasun eremuka
Une honetan, soilik bi osasun eremuk jarraitzen dute 100.000 biztanleko 500 kasuen langatik gora: Loiolak eta Ondarretak. Langa horren azpitik dago Gros atzotik, eta Loiola langatik gora kokatzeaz gain, intzidentzia metatu handiena duen auzoa bihurtu zen atzo. Jarraian, bakoitzeko intzidentzia metatua ikus daiteke:
- Loiola: 533,18
- Ondarreta: 525,60
- Intxaurrondo: 486,07
- Parte Zaharra: 478,30
- Gros: 446,28
- Amara Berri: 412,73
- Egia: 374,83
- Bidebieta: 372,88
- Amara-Erdialdea: 361,93
- Altza-Roteta: 361,07
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko zifrak:
- Ondarreta: 13
- Amara Berri: 10
- Altza-Roteta: 4
- Gros: 3
- Parte Zaharra: 3
- Amara-Erdialdea: 1
- Loiola: 3
- Bidebieta: 3
- Intxaurrondo: 3
- Egia: 3
- Amara-Erdialdea: 1

