AHTaren geltokiko lanek mugimendu aldaketak eragingo dituzte
Uztailean hasi zituzten Donostiako abiadura handiko trenaren geltokiko lanak, eta orain Telefonicako eta Iberdrolako sareak desbideratzen hasi dira. Horrek mugikortasun aldaketak eragingo ditu datozen hilabeteetan geltokiaren inguruan. Zehazki, Frantzia Pasealekuko, Egiara sartzeko arrapalako eta Nestor Basterretxea plazako hainbat zatiri eragingo die.
Tren geltoki pareko autobus geltokia metro batzuk lehenago jarri dute, Frantziako pasealekuan. Dbuseko 45. lineak aurrealdean egiten du geldialdia, eta 17., 24. eta 37. lineek erdialdean. Aldaketa horiek hilabete inguru iraungo dute.
Aste honetatik aurrera itxi egingo dute Blas de Otero plazatik Egiako pasabidera jaisten den arrapala. Itxialdiak obrek dirauten bitartean iraungo du, gutxienez; izan ere, obrak iraun bitartean egingo diren gainerako jarduketek eragin egingo diote; hala nola etorkizuneko geltokiko pantaila-hormak eraikitzeak. Obrak oinezkoengan ere eragina izango du sei asteko epean Nestor Basterretxea plazan, Egiako tuneletik Tabakalerako plazako sarreraraino dagoen tartean.
Euskal Trenbide Sarea (ETS) eta Estatuko Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) dira geltokiko lanen arduradunak. 80,4 milioi euroko aurrekontua (BEZ barne) dute eta 42 hilabeteko egikaritze epea.