Gabonez gozatzeko hainbat jarduera izango dituzte haur, nerabe eta gazteek
Abenduaren 14tik urtarrilaren 6ra bitarte jarduerarik ez da faltako haur, nerabe zein gazteentzat. Donostiako Udaleko Gazteria sailak Gabonak zuretzat programa aurkeztu du. Hiriko hainbat elkarte, aisialdi talde eta bestelako eragilerekin elkarlanean egitarau zabala prestatu dute. Pandemiaren eraginez, jarduerez gozatzeko eta horietan parte hartzeko beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatuko dituzte.
Donostiako gaztetxoenek eskaintza zabala izango dute, eta egitaraua helbide honetan egongo da eskura. Besteak beste, hainbat tailer, magia ikuskizun eta antzezlan antolatu dituzte. Batetik, hiriko ekipamenduak diren tokietan bertako eragileek antolatutakoak dira, eta, bestetik, ekipamendurik ez duten hiriko txokoetan Gazteriak berak antolaturikoak.; horien artean, Añorga edota Ibaeta. Izan ere, gabonetako eskaintza hiri guztira zabaltzea da Gazteriaren helburuetako bat, bertako 0 eta 30 urte bitarteko donostiarrak gozatzeko aukera izan dezaten.
Irudiari dagokionez, programaren aurtengo identitate grafikoa Usandizaga Ikastetxeko Diseinu Grafiko Heziketa Zikloa eta Donostia Gazteriaren arteko elkarlanari esker sortutakoa da. Diseinu Zikloko 1. mailako ikasleek 15 lan prestatu dituzte talde lanean urte berezi honetan Begirada anitzak leloan oinarriturik. Proposatutako diseinuen artean 5 irudi nagusi aukeratu dira aurten programa iragartzen duten karteletarako baina lan guztiak ikusgai izango dira sare sozialetan eta horretarako prestatutako erakusketan, abenduaren 18tik aurrera, San Martin Merkatuan.
Haur eta gazteentzako egitaraua
Haurrentzako programak (0-11 urte) jarduera ugari eta anitzak biltzen ditu eta ia auzo guztietara zabaltzen da. Honako hauek dira programa aurrera eramateko Gazteriak aurten bidelagun izango dituen laguntzaileak: Donostia Kultura, San Telmo museoa, Cristina Enea Fundazioa, Arkitektura Insitutua, Aquariuma, Eureka museoa, Kutxa fundazioa, Kofradia/Itsas Etxea elkartea –aurten, lehen aldiz– eta hiriko hainbat eta hainbat elkarte zein kultur eragile. Gauzak horrela, hiriko gazteenek hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute: tailerrak (gabonetako gozoen tailerra, apaingarriak, esperimentu tailerra, etab.); jolasak (mahai jolasen zirkuitoa, kaxen jolasa edota kodeena); zinema; antzezlanak edota magia ikuskizunak.
Era berean, zenbait emanaldi berezi antolatu dituzte egitarauaren barne: Izaki bereziak ikuskizuna (abenduak 22, 17:00, San Telmo Museoa); Tomaxen abenturak: Adi grabatzen ekin! antzerkia (abenduak 29, 17:00, Amassorrain ikastetxean); Txan magoaren Hausle lan berria (abenduak 30 , 17:00, San Telmo museoan hau ere); gabonetako zirkua Ibaetako Frontoian urtarrilaren 4an.
Gazteei dagokienez, Skakeitan taldea Intxaurrondo Kultur Etxean ariko da abenduaren 29an, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei musikaz gozatzeko aukera eskainiz. Bertaratzeko aurrez izena eman behar da eta sarrerak Intxaurrondoko takilan bertan jasoko dira. Gogoratu aurtengo segurtasun neurriak direla eta edukiera mugatua izango dela eta beraz lehenbailehen izena ematera gonbidatzen zaituztegu, edukiera betetzean izen emateko zerrendak itxi egingo direlako. Bestalde, parkour, Gabon Gazte Txef eta komiki tailerra gisako doako ikastaroak antolatu dituzte. Gainerako jarduerak Gazteria sailaren webgunean ikus daitezke.