Gaur hasiko da 2018ko Aste Nagusian jasandako eraso baten ondorioz hildako gaztearen heriotza argitzeko epaiketa
Bi urte baino gehiago pasa dira Asier Niebla, erasotutako gaztea, zendu zenetik, eta gaur hasiko da bere heriotza argitzeko epaiketa. Akusazio partikularrek hogei urteko kartzela zigorra eta Niebla indarkeria matxistaren biktima izendatzeko eskatu dute; fiskalak, aldiz, hamabi urteko zigorra eskatu du.
Perujuantxo kalean izan zen erasoa, 2018ko Aste Nagusian. Gaur, hilaren 9an, hasiko da Asier Niebla gazte urnietarraren heriotza argitzeko epaiketa, Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. 2018ko urriaren 11n hil zen Niebla, Aste Nagusian (abuztuaren 12an, goizeko bostetamn) beste gizon batek buruan emandako kolpe baten ondorioz, Donostiako ospitalean 61 egunez koman egon ostean. Erasotzailea atxilotu zutenean, aitortu egin zuen berak jo zuela Niebla, eta kartzelan dago ordutik. Gizonari homizidioa ala hilketa leporatuko dioten erabakiko dute gaur hasiko den epaiketan, baita gainontzeko astungarriak aintzat hartzen dituzten ere; gaur osatuko da horren inguruko epaia eman beharko duen zinpeko epaimahaia. Fiskalak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du akusatutako gizonarentzat, eta Nieblaren familiak eta Urnietako Udalak osatzen duten akusazio partikularrak, aldiz, hogei urteko zigorra eskatu dute; horretaz gain, familiak behin baino gehiagotan eskatu du kasua indarkeria matxistañko kasu gisa aztertzeko.
Izan ere, Niebla emakume batekin hitz egiten ari zen Parte Zaharreko Perujuantxo kalean, erasotzailea hurbildu eta buruan kolpe bat eman zionean. Erasotzailearen bikotekide ohia zen emakumea, eta gizonak “jelosiak jota” kolpatu zuen Niebla. Lurrean gelditu zen konorterik gabe, eta larri zaurituta eraman zuten ospitalera, baina handik bi hilabetera zendu zen, 28 urte zituenean. Horregatik eskatu izan du familiak Niebla indarkeria matxistaren biktima gisa hartzeko, eta Urnietako Udalak hala eskatu dio berriki Eusko Jaurlaritzari. Hain zuzen, adostu dute Nieblaren kasua Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordean azaltzea –familiak hartuko luke parte agerraldian–, eta Berdintasun Legean aldaketa bat egiteko eskatzea, horrelako kasuetan biktimak indarkeria matxistaren biktimatzat hartzeko modua emateko.
Fiskalak zehaztu du Niebla lurrean zegoenean akusatuak hura jotzen jarraitu nahi zuela, eta han zeudenek gelditu behar izan zutela. Horregatik, espetxealdiaz gain, 195.000 euroko kalte-ordainak eta bost urtez zaintzapean aske egotea eta ere eskatu du fiskalak. Akusazio partikularrak, aldiz, heriotza hilketa delitu bat izan zela diote, eta hogei urteko kartzela zigorra eskatu dute, maltzurkeriak jokatu izana egotzita eta genero aldagaiak aintzat hartzeko eskatuta. Sei egunez luzatuko dira epaiketako saioak, eta, ondo bidean, gaur bertan hasiko dira deklarazioak, akusatuak hitza hartuta. Haren abokatuan lesioengatik isun bat jartzeko eskatu du, eta zeharka, izatekotan, homizidio delitua leporatzeko.

