Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak beste modu batera iritsiko dira Donostiara
Gabonetako programazioa egokitu behar izan du Donostiako Udalak, COVID-19aren eraginez. Horrela ere, hainbat jarduera antolatu dituzte eguberrietako “magia” pertsona guztiengana iristen jarrai dezan. Jon Insausti Kultura eta Festetako zinegotziak eman ditu xehetasunak. Hilaren 21ean ez da San Tomas egunik ospatuko, baina Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak beste modu batera iritsiko dira Donostiara.
San Tomas egunaren ordez, ekitaldi bakar bat egingo dute hilaren 18an: XXV. Euskal Herriko Txistorra Lehiaketa. Basque Culinary Center-en egoitzan izango da 17:00etan, publikorik gabe, eta Internet bidez ikusi ahal izango da Donostia Festaken Youtube kanalean.
Olentzerok eta Mari Domingik ezin izango dute Donostiako haurren ohiko harrerara etorri, ezta hiriko Erdialdeko kaleak zeharkatzen dituzten desfilera ere. Horrek ez du esan nahi bisitan etorriko ez direnik. Gabon egunean dena prest egoteko nola lan egiten duten ikusi ahal izango da, bideo batean jaso dutelako. Berritasun bezala, bideoak zeinu hizkuntzako interpretea du, entzumen ezgaitasuna duten haurrek ikusteko eta Olentzeroren eta Mari Domingiren abenturekin gozatzeko.
Paperean edo Internet bidez idatzi nahi dieten haur guztien gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik. Gainera, gutunak Donostia Festaken webgunetik bidaltzea erabakitzen duten guztiei zuzenean erantzungo diete Olentzerok eta Mari Domingik. Gutunak posta arruntaz bidaltzeko aukera egongo da ere. Horretarako, guztira 18 postontzi ipiniko dira hiriko auzo guztietako gune estrategikoetan, eta haietatik pasatuko dira galtzagorriak postontzietan utzitako gutunak jasotzera.
Ikastetxeekin lankidetzan
Nahiz eta Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 23ra arte hirira ez etorri, ikastetxeetara joango dira haien mezulariak. Alde batetik, Donostia Kultura Festakek 4 eta 9 urte bitarteko haurrak dituzten ikastetxeei Olentzero eta Mari Domingiren zuhaitza euskarazko ipuin antzeztua ikusteko aukera eskaini die, horrelakorik eskatzen duten ikastetxeei. 10 ikastetxetan antzeztuko du ipuina Lur Kortak. Ipuinean 3 aktorek parte hartuko dute eta 30-40 minutu iraungo ditu gutxi gorabehera. Antzerki emanaldiak ikastetxeetan bertan izango dira, betiere segurtasun neurriak eta ikastetxeek finkatutako burbuilak errespetatuta. Guztira, 21 emanaldi izango dira (ikastetxe gehienetan bi emanaldi) gaurtik hilaren 21era bitartean.
Bestalde, Olentzeroren eta Mari Domingiren mezulariak ere izango dira hirian, eta abenduaren 14a eta 18a bitartean guztira 23 ikastetxe bisitatuko dituzte haurrek helarazi nahi dizkieten gutunak eta marrazkiak jasotzeko.
Abenduaren 23an eta 24an, haurrentzako zazpi antzerki emanaldi eskainiko ditu Tomaxen Abenturak-ek eta bertan izango dira Olentzero eta Mari Domingi ere. Antzokian 250 eserleku (saio bakoitzeko) izango dira bertaratuentzat eta emanaldi horietara joan ahal izateko gonbidapenak Donostia Festaken webgunean eskatu ahal izango dira abenduaren 10etik aurrera –gehienez lau gonbidapen eskatzaile bakoitzeko–, eta Antzoki Zaharreko takiletan jaso beharko dira, adieraziko zaizkien egun eta orduetan. Emanaldietako bat streaming bidez eskainiko da haur guztiek ikusi ahal izan ditzaten Olentzero eta Mari Domingi.
Ezustekoren bat edo beste
Errege Magoek ere ondo ezagutzen dute pandemia, eta urtero egiten den harrera ezingo dutela egin adierazi dute. Hala ere, prest daude donostiarrei ezustekoren bat edo beste emateko. Bideo bat bidaliko dute basamortutik Donostiarako bidean gure hiriko haur guztiei Gabonak zoriontzeko. Bideoa abenduaren 26an iritsiko da, eta Donostia Festaken webgunean ikusi ahal izango da. Olentzeroren eta Mari Domingiren bideoaren kasuan bezala, entzuteko ezgaitasuna duten haurrei egokituko zaie.
Haurrek beren nahiak Internet bidez helarazteko aukera izango gute, eta erantzun bat jasoko dute eskaera egin dion Errege Magoarengandik. Aurten ez da kabalgatarik izango hiriko kaleetatik, baina ahalegin guztiak egingo dituzte Errege Magoek, eta, etxeetatik jostailuak eta opariak banatzen hasi aurretik, urtarrilaren 5ean Ilunben izango dira haurrekin. Ikuskizunean presentzia berezia izango du Ekialdeko magiak; formatu txikiko ikuskizunak, Errege Magoen presentzia… Hori guztia Juan Terol donostiarraren gidoi batekin, eta Maite Eskarmendik eta Oraitz Garciak aurkeztuta.
Guztira bost emanaldi egingo dira, bai goizez bai arratsaldez, 2.000 haurentzako (400 haur emanaldiko). Gainera, emanaldietako bat streaming bidez eskainiko da, Ilunbera etorri ezin dutenak ere egun berezi horretan parte izateko. Jarduera horretara joateko gonbidapenak Donostia Festaken webgunean eskatu ahal izango dira, abenduaren 28tik aurrera.
Honetaz gain, Errege Magoek zaharren egoitzetako adinekoentzako grabazio bat egin dute. Bertan, agur bero bat eta animoak ematen dizkiete.