Final-hamaseirenetarako txartela nahi du Realak
Heldu da Europa ligako multzokako faseko azken jardunaldia, eta F multzoan hiru talde iritsi dira final-hamaseirenetara pasatzeko aukerekin: Reala (zortzi puntu), Napoli (hamar puntu) eta AZ Alkmaar (zortzi puntu). Gauzak horrela, txuri-urdinek Napoli irabazi beharko dute gaur Italian jokatuko duten norgehiagokan (18:55ean), hurrengo faserako txartela ziurtatzeko. Irabazten ez badu ere, Reala final-hamaseirenetara pasa daiteke, baldin eta AZ Alkmaarrek Rijekaren aurka eskuratzen duen emaitza bera lortzen badu.
Ez da partida erraza izango Napoliren aurkakoa, italiarrek maila oso altuko jokalariak baitituzte, eta gainera, txuri-urdinak taldeko bi jokalari garrantzitsuenak gabe doaz Diego Armando Maradona estadiora: Mikel Oiartzabal eta David Silva (kanariarra baja izan denetan, Realak ez du irabazi); biak min hartuta daude. Realak multzokako faseko partida guztietan eman du aurpegia, beraz, Oiartzabal eta Silva gabe ere gai da Napoli garaitzeko, dakien moduan jokatuz gero eta aurrelariek punteria fintzen badute. Izan ere, azken lau partidetan gol aukera ugari izan dituzte txuri-urdinek, baina lau berdinketa jarraian eskuratu dituzte.
Bajak kontuan izanda, litekeena da Imanol Alguacilek Zubimendi eta Barrenetxea hasierako hamaikakoan sartzea, Merinoren eta Januzajen posizioak moldatuz. Hala bada, honakoa izango litzateke hamaikakoa: Remiro, Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Zubimendi, Merino, Januzaj, Barrenetxea eta Isak.