Gabonetako azoka bihar irekiko dute
Gabonetako azokako etxolek bihar, abenduaren 11an, zabalduko dituzte ateak. Guztira 34 etxola izango dira, horietatik 27 Frantziako Pasealekuan eta zazpi Santa Katalina Plazan, eta handik igaroko diren pertsonen segurtasuna bermatzeko protokolo bat ezarri du Donostiako Udalak. Batetik, etxolen artean, 1,5 metroko distantzia izango da, eta edukiera denbora errealean kontrolatzeko sistema bat jarriko du azokaren sarreran eta irteeran. Sarrera eta irteera horiek bereizita izango dira, bai Maria Kristina zubiaren aldean, baita Santa Katalina zubiaren aldean ere. Horrekin batera, hainbat pantaila jarriko dituzte azokan bertan, eta hiriko beste hainbat puntutan. Pantaila horietan, edukieraren berri emango dute, eta semafoto batek bezala funtzionatuko dute: argia berdea denean, jende gutxi dagoela esan nahiko du; laranja denean, jende dezente dagoela; eta gorria dagoenean, berriz, edukiera beteta dagoela. Gehienez, 587 lagunek egon ahalko dute aldi berean azokan; Urumea plazako —Norteko geltoki aurreko— gune estaliak 50 lagunentzako gehienezko edukiera izango du, eta Santa Katalina plazan, berriz, asko jota 43 lagun elkartu ahalko dira. Pantailetan ez ezik, azokaren webgunean ere kontsultatu ahalko da edukiera.
Bestalde, azokak zirkuitu eta norabide batzuk izango ditu. Alegia, ezingo da bakoitzak nahi duen norantzan joan. Hala ere, azoka oso-osorik bisitatu nahi ez dutenentzat, tarteko sarbideak ere jarriko dituzte etxolen artean, hauen atzeko aldetik. Azoka barruan ezingo da ez berehala edateko edaririk saldu ez kanpoan erositako edaririk kontsumitu. Azoka gunean, janaria kontsumitzea ere debekatuta dago, eta ezingo da erre bi metro baino gutxiagoko distantzia badago bi pertsonen artean. Era berean, taldeak ekiditeko oroitaraziko duten kartelak jarriko dira ibilbidean zehar, eta gel hidroalkoholikoa jarriko dute bai azokaren sarreran eta irteeran, bai etxoletako bakoitzean.
Gabonetako azoka urtarrilaren 5era arte izango da zabalik, 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara. Erakustokiak 11:00etatik 21:00etara izango dira irekita.