GuraSOSek fiskaltzara joko du, erraustegia baimenik gabe ari dela salatzeko
Zubietako erraustegia probaldi fasean dago iaztik. (Argazkia: Zero Zabor) Joan den astean Eusko Jaurlaritzak ukatu egin zion Ekondakin erraustegiaren enpresa kudeatzaileari Zubietako errauste planta abian jartzeko behin-behineko aktaren luzapena, eta horregatik, GuraSOS elkarteak salatu du erraustegia “baimenik gabe” ari dela funtzionatzen, eta fiskaltzara joko dutela iragarri dute. Hilaren 4an Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta hondakinen kontsortzioko presidenteak ezagutzera eman zuen Jaurlaritzako Industriako dokumentua aztertu ondoren egin dute salaketa.
Bestalde, GuraSOSen arabera, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak bazekien ez zela baliozkoa erraustegiari ekainaren 16an emandako ingurumen baimen bateratuaren (IBB) eraginkortasuna, lanak bukatu gabe zeudelako; esaterako, irailaren 1ean, transformadore nagusia probatu zutenean, erre egin zen, eta gaur egun Alemanian konpontzen ari dira. Tapiak, ordea, atzera bota du GuraSOSen baimen horren aurkako helegitea, eta elkarteak salatu du Tapia “prebarikazioa” egiten ari dela eta haren “asmo bakarra” dela “uztailaren 7an iraungitzekoa zen IBB-a salbatzea”. Hain justu, IBB-a kenduz gero, erraustegiko proiektua eta enpresekiko kontratua bertan behera geratuko lirateke, eta tramitazioari hasieratik berrartu beharko lukete.
Horregatik erraustegiko jarduera guztiak gelditzeko eskatu die GuraSOSek Jaurlaritzako Industria Saileko Gipuzkoako lurralde ordezkariari eta Energia zuzendariari, eta iragarri du bestela fiskaltzara joko duela. Ildo horretatik, GuraSOSek esan du Fiskaltza Ekondakineko lau arduradun ikertzen ari dela ustezko ingurumen delitu batengatik. GuraSOS bukatzen ari da aste honetan bertan fiskaltzaren aurrean aurkeztuko duen salaketa, eta “funtzioak usurpatzea”, “agiriak faltsutzea” eta “prebarikazioa” egin ote duten argitzeko eskatuko dio fiskaltzari, besteak beste.
Asensiok joan den ostiralean azaldutako agiriko sinadurari “ezohiko traza” atzeman dio GuraSOSek, pertsona bakar batek sinatu duelako bi izen ageri direnean, eta gainera, PA akronimoa erantsi diolako. GuraSOSek deritzo horrek “abokazio” kontzeptuarekin bat egin dezakeela, sinatzailea (Javier Martinez de Lagos Manzana) ez delako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako funtzionarioa. Era berean, elkarteak adierazi du arrazoiak dituela pentsatzeko Industriako arduradunek “presiopean” jarri dutela gaiari atxikitako funtzionarioa, eta erabaki eztabaidagarriak sinatzera behartzen ari direla.


