The Burns taldeak gabonetako kantu batekin agurtu nahi du urtea
Donibane Lohizuneko, Bilboko eta Dublingo (Irlanda) lau musikarik Donostian sortu zuten The Burns taldea, eta dagoeneko bost urteko ibilbidea egin dute. 2020ari agur esateko Daddy Xmas singlea plazaratu dute. Gabonetako kantu gisara aurkeztu dute, eta lan berriaren aurrerapena da.
2015ean elkartu ziren Fred gitarra eta Aengus bateria, eta gerora batu ziren Serge gitarra eta Chris baxua. 2017an Enekok bete zuen Chrisen hutsunea. Urte berean argitaratu zuten Asylum lehen lan laburra, eta ordutik beste hiru single kaleratu dituzte: The Latest Version, Rita eta Bonnie and Juno. Guztiak laukotearen Bandcamp atarian entzun daitezke.
Musikari dagokionez, euren estiloa zein den argitzeko galderak baino ez dituzte. Horrela diote sare sozialetan: “Rock? Garage pop? Power pop? Surf punk pop? They wanted to be a punk band, but they haven’t got the balls”. Dena dela, 70eko eta 80ko hamarkadako rock doinuak gustuko dituztela aitortu dute, eta eraginen artean daude Ramones, Buzzcocks eta The Strokes.