Aniztasun kulturalaren erronkak
‘Hau Egia da!’ egitasmoak esku hartze prozesu bat martxan jarri nahi du Egian, autoktonoen eta beste jatorriko pertsonen arteko elkarbizitza sustatzeko. Duela urte eta erdi osatu zuten sarea auzoko hainbat eragilek, eta auzoko diagnostikoaren emaitzak duela bi hilabete aurkeztu zituzten. Identifikatutako erronkak kontuan hartzea ezinbestekoa da proiektuan aurrera egiteko.
Diagnostikoa urriaren 17an aurkeztu zuten, eta geroztik beste bilera bat egin dute erronkak lehenesteko. (Argazkia: Maite Reizabal Arregi) Azkeneko hamar bat urteetan Egiak izan duen gentrifikazio prozesuak eta askotariko jatorriko pertsonen etorrerak, kultur aniztasunari eta elkarbizitzari lotutako erronkak ekarri ditu auzora. Horregatik, 2019ko otsailean Hau Egia da! izeneko egitasmoa abiarazi zuten. Lehen pausoak Tabakalerako Hezkuntza sailak eta Donostiako Udaleko Kultur Aniztasuneko arloak eman zituzten elkarrekin. «Orain dela hiru urte hasi genuen Harrotu ileak proiektuan —gure hirian bizi diren beste jatorri bateko gazteekin batera egiten dugun arte proiektu bat— ikusgai egin ziren guretzat hiri honetan gertatzen diren zapalkuntza egoera oso gogor batzuk. Eta nolabait proiektu horretatik begirada altxatzeko beharra zegoela nabaritu genuen, eta hirian edo auzoan fokua jarri behar genuela aniztasun kulturalaren inguruan hausnarketa bat bideratzeko», kontatu du Leire San Martin Tabakalerako Hezkuntza arlotik. Gainera, Tabakalera inguruan dagoen Blas de Otero plazan arazoak izan dira. «Erronkari irtenbide bat ematen saiatu ginen, eta sare hau osatzu genuen», kontatu du Carolina Adarragak, Donostiako Udaleko Kultur Aniztasuneko teknikariak.
Sare horrek eta egitasmoak berak Hau Egia da! izena hartu zuten. «Egiako elkarbizitza landu nahi dugu modu parte hartzaile batean bertan dauden eragileekin eta bizilagunekin», adierazi du Adarragak. Loira Manzani proiektuaren eta Gipuzkoako Sos Arrazakeriako kidearen hitzetan, «Egiako kultur aniztasunari bere balioa eman nahi dio, eta helburua da esku hartze komunitarioa gauzatzea elkarbizitza sustatzeko; beraz, egitasmoaren helburua ez da soilik beste jatorrietako pertsonek zein behar dituzten atzematea, baizik eta zein esku hartze egin behar den ikustea, benetako elkarbizitza eta benetako kulturarteko harremanak sortzeko». Alegia, pertsonen arteko «koexistentziaz» harago joan nahi du.
Horretarako, ezinbestekoa da hausnarketa egitea. «Uste dut hausnarketa horretan zein zapalkuntza egiturek operatzen duten begiratu behar dugula. Eta uste dut geure buruari begiratu behar diogula lehenik; alegia, gure pribilegio eta zuritasunak aztertu behar ditugu bai ala bai», dio San Martinek. Bestela esanda, benetako elkarbizitza lortzeko, bi norabideetako hausnarketa eta eraldaketa gertatu behar da.
Auzotik auzoarentzat
Hau Egia da! egitasmo parte hartzailea da hasiera-hasieratik. «Proiektuaren barruan Egian kultur aniztasunarekin lan egiten duten ia elkarte guztiak daude, eta horiek elkartzea oso garrantzitsua da», azaldu du Lola Boludak, Ongi Etorri Eskolara egitasmoko kideak. Guztira hamaika eragile izan dira proiektua bultzatzeko lan taldean: Emaus Gizarte Fundazioa, Tabakalera, Donostiako Udaleko Kultur Aniztasun eta Partaidetza arloak, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, Egia Bizirik auzo-elkartea, Ongi etorri eskolara, Gipuzkoako Sos Arrazakeria, Dar-dar gizarte ekimenezko kooperatiba eta Euskal herriko Unibertsitatea. «Erakundeak, askotan, bakoitza bere proiektuarekin aritzen dira lanean, eta ez gara konturatzen askoz hobeto litzatekeela elkarrekin lan egitea. Kasu honetan, proiektu honek sare bat dauka, eta auzotik auzoarentzat sortu da. Erronkak eta horietarako konponbideak egunerokotasunean auzo horretan dauden pertsonengandik jaioko dira», nabarmendu du Manzanik.
Gainera, erakunde bakoitzaren izaerak bere ekarpena egiten dio proiektuari: «gure ekarpena da auzoko ikuspegia eta kontaktuak sareari eskaintzea, eta gainera, auzo elkarte moduan, elkarbizitzaren kontuak betidanik kezkatu gaitu», azaldu du Paloma de Cassok, Egia Bizirik auzo elkarteko kideak. Bagerak, berriz, uste du «proiektu honetan ere hizkuntzaren perspektiba hori txertatzea garrantzitsua dela, hizkuntza aniztasuna lantzea». Ongi Etorri Eskolara proiektuak, eskolan ez ezik, hezkuntza komunitatetik ere egiten du ekarpena, auzoko espazioetatik eta harremanetatik, alegia. «Bestalde, guk kultur artekotasun harremanen sare nahiko indartsua dugu, familia laguna programaren bitartez. Familia laguna proiektuak beste hainbat tokitatik iritsi berri diren familiak familia euskaldunekin harremanetan jartzen ditu, eta Egian familia lagun asko daude», gehitu du Boludak. Sos Arrazakeriaren kasuan, berriz, bete-betean euren helburuarekin bat egiten du proiektuak. «Arrazismoaren kontra egiten dugu lan —estereotipoen, aurreiritzien, zurrumurruen kontra—, elkarbizitzari kalte egiten diotelako. Hain zuzen, uste dugu arrazismoaren kontrako txertorik onena dela elkar ezagutzea, eta proiektu honek hori bilatzen du Egia auzoan». Udaleko Partaidetza arloarentzat lan egiteko modua oso garrantzitsua da, gauzak nola egiten diren, eta kasu honetan «interesgarria ikusten genuen gaia bera eta modua», dio Iñigo Canterok, Partaidetzako teknikariak. Horrekin batera, eragile guztiek, proiektuaren izaera komunitarioa azpimarratu dute. «Proiektu honen oinarrian komunitatea dagoela uste dugu», gehitu du Canterok.
Diagnostiko parte hartzailea
Aniztasun kulturalari lotutako esku hartze honetan, lehen pausoa diagnostiko bat egitea izan da, Egia auzoaren errealitatea eta han bizi direnen errealitatea ezagutzeko. Han bizi direla esatean, ez dute zertan han lo egin; batzuk lan egiten dute. Diagnostiko hori Ekain Ormazabal antropologoak, Bouchra Al Bagdadi Tabakalerako integratzaileak eta Joxe Jimenez Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari eta hezitzaileak egin dute. «Diagnostiko sozial parte hartzailea egin dugu. Alegia, testuingurua aztertzen dugu, ondoren ekintzara jotzeko eta aldaketa sortzeko testuinguru horretan, kasu honetan, Egian. Bizilagunekin eta bizilagunentzat egin dugu», adierazi du Jimenezek.
Diagnostikoan lau puntu aztertu dituzte, ikerlariak azaldu duenez: lehena, jatorri askotariko bizilagunek zein ezaugarri eta oinarrizko behar dituzten; bigarrena, elkarbizitzako espazioak zeintzuk diren eta sozializatzeko zein espazio erabiltzen diren, ematen diren kultur arteko harremanak aztertzeko; hirugarrena, zein pertzepzio dituzten elkarbizitzari buruz autoktonoek zein beste jatorri batzuetako pertsonek; eta laugarrena, elkarbizitza hori bideratzeko auzo mailan dagoen bidelaguntza sarea identifikatu.
«Egia auzoak 14.969 biztanle ditu, 2020ko urtarrilaren 1eko datuen arabera. Auzoko %9 —1.325— beste hainbat jatorrietatik etorri dira», azaldu du EHUko ikerlariak. Gehienak Honduras, Nikaragua, Kolonbia, Italia, Ekuador, Argentina, Frantzia eta Marokon jaio dira. «Aipatutako tokietatik datozen pertsonak autoktonoak baino hamar urte gazteagoak dira batez beste. Emakume gehiago dira, gizonak baino —%54—, eta Iruresoron bizi da gehiengoa, Karmengo aman, Egia kalean, eta Tejeria kalean, hain zuzen ere», dio Jimenezek. Soldatari dagokionez, urtean 18.000 euroko errenta dute. «Alegia, autoktonoen erdia irabazten dute», kontatu du.
Oinarrizko beharrei dagokienez, ez daude auzoari lotuta bakarrik, baizik eta oro har, gizarteari: etxebizitza topatzeko zailtasunak eta diskriminazioa prozesu horietan, eta erregulazio prozesua dira horietako batzuk. «Pertsona horiei eskatzen zaie hiru urtez bizitzen egotea toki batean, eta ondoren lana egin behar dute», nabarmendu du Jimenezek. Hain zuzen, ikuspuntu horrekin guztiz bat dator Ladys Salgado. Nikaraguatik etorri zen Donostiara, eta zortzi urte daramatza Egian bizitzen: «Duela hamabi urte ez zen paperik eskatzen etxeko langilea izateko, baina ondoren paperak izatea derrigorrezko bihurtu zen, eta ondorioz, pertsona migrante askok diskriminazio hori jasaten dute dokumenturik ez izateagatik», nabarmendu du. Hain zuzen, pertsonen zaintza eta etxeko langile moduanlan egiten dute askok. «Gainera ezkutuko aldagai bat dugu: generoarena. Asko 24 orduz daude, eta ez dute bizitza propiorik», dio Jimenezek. Salgado horretan aritu da lanean, baina duela bi hilabete Ongi Etorri Eskolara proiektuan hasi zen, administrazio alorrean. «Ni beti bilatzen ari nintzen nola utzi etxeko langile izateri. Eta eurek aukera bat eman didate», nabarmendu du.
Ostalaritzan ere aritzen dira asko. Elmer Rodriguez, esaterako, han hasi zen lanean. Duela 18 urte iritsi zen Donostiara, eta duela 14 Egiara. Baina lana aldatzea erabaki zuen. «Ez zen ez zitzaidalako gustatzen. Niri futbolera aritzea gustatzen zitzaidan, eta ostalaritzaren orduak txarrak izateaz gain, asteburuetan lanean zabiltza. Beraz, Egia kaleko denda batean hasi nintzen lanean. Egun ere hemen jarraitzen dut, izan ere, dendako jabeetako bat naiz». Hain zuzen, diagnostikoan halako kasuak jaso dituzte. «Denbora igaro ahala, denda berriak-eta zabaltzen dituzte, eta auzoko jendearentzat erreferente bihurtzen dira, lan egiteaz gain, komunitateari ekarpena egiten diotelako. Horrekin batera, irauli egiten dute auzoko dendak desagertzeko tendentzia hori», azaldu du Jimenezek.
Elkarbizitza espazioak eta pertzepzioak
Salgadoren kasuan, haur bat izatea oso garrantzitsua izan da. Egiara iritsi berritan jaio zen bere alaba. «Ni jendea ezagutzen hasi nintzen haurrari esker». Hain zuzen, elkarbizitza espazioak aztertzea ezinbestekotzat jo dute, eta eskola da horietako bat. «Bi motatako espazioak bereiztu ditugu: aterpea dutenak eta aterperik gabeak». Batetik, gaztelekuak, kiroldegiak eta abar daude, baina baita Tabakalerak, Egiako Parkea, Plaza Haundi eta Blas de Otero ere. «Tabakalerak funtzio publikoa egiten du, sozializazio unibertsala; Gladys Enea familiek eta nerabeek erabiltzen dute, batzuek ospakizunak egiteko, eta besteek beraien espazio propio moduan. Plaza Haundi eta Blas de Otero astean zehar erabiltzen dira eta familientzat elkargunea dira», dio Jimenezek.

Plaza Haundi elkarbizitzarako espazio garrantzitsu bat da. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)Joseba Parron San Sebastian
Diagnostikoaren hirugarren puntua pertzepzioak dira: «hor sekuentzia bat ikusten da. Hasiera batean distantzia egoera bat dago. Beste jatorrietako pertsonek bakardadea sentitzen dute, eta autoktonoak babestuta sentitzen dira. Ondoren, konfiantza garatzen goaz. Horretarako, etorri berriek eta autoktonoek lehenengo lotura hori sortzeko espazioak eta programa berriak jarri behar dituzte martxan», azaldu du Jimenezek. Horretan, Ongi Etorri Eskolara eta halako egitasmoak garrantzitsutzat jo dituzte askok. «Horrelako proiektuekin %42,6ak dio oso modu nabarmenean handitu dela bere parte hartze komunitarioa, eta %40,4ak maila ertain-altuan lortzen du euskara komunikazio hizkuntza izatea. Horrekin batera, jendeak geroz eta gehiago ulertzen du aukera berdintasunaren hizkuntza dela euskara. Oso elementu interesgarria da», jaso dute diagnostikoan.
Bestalde, ikerlariak nabarmendu du familiei hemen jarraitu nahi duten galdetzean, %70ak baino gehiagok baietz esaten duela. Salgadok bere ikuspuntua partekatu du: «Emigranteen mundu batean baino, immigranteen mundu batean gaude. Emigrantea da toki batetik bestera doana, eta immigrantea beste nonbaitetik, eta tokia gustatzen zaiolako tokian bertan gera daitekeena. Etortzen garen asko hemen gelditzen gara. Hala ere, ez dakit noizbait utziko diogun etorkin izateari autoktonoentzat».
Egitasmoaren erronkak
Diagnostikoaren emaitzak urtarrilaren 17an aurkeztu zituzten auzoan, baina helburua da harago joatea. Alegia, diagnostikoa erronkak identifikatu eta esku hartzea modu egokian gauzatzeko tresna bat besterik ez da. Horregatik, urri amaieran, saio ireki bat egin zuten diagnostikoanondorioztatutako helburuetatik zeintzuk lehenetsi behar ziren ikusteko: «Sumatu genuen diagnostikoan atera ziren gaiak zirela heldu beharrekoak», azaldu du Iñigo Cantero Udaleko Partaidetzako teknikariak. Hala ere, orain erronkak lehenesteko prozesuan murgilduta daude bete-betean. «Hurrengo pausoak definitzeko ikusi behar dugu zein talde dugun, non eragin dezakegun, eta zein jende mota inplikatu daitekeen». Foru Aldunditik dirulaguntza bat jaso dute eta lagungarria izango da proiektua bultzatzeko.
Aipatutako saio horietara, auzoko hainbat eragile joan dira, hala nola Teila fabrika, feministak eta Ttanttakun. «Sarean ez zeuden auzoko eragileak dira, gaiarekiko interesa dutenak», dio Canterok. Zailtasunak, berriz, beste jatorri batzuetako jendearen inplikazioan dago. «Ez dakigu dedikazioagatik ordutegiengatik ote den. Interesa azaldu dute, eta baten bat jarri da harremanetan gurekin, baina gutxi. Beraiekin harremana mantentzen dugu lan taldean dauden batzuk harremanetan daudelako euren eguneroko egitekoan eta abar», azaldu du. Rodriguezen kasuan, esaterako, ordutegiak eragin du bileretara ez joateko. Salgadoren ustez, faktoreetako bat izan daiteke oraindik ez dutela proiektua asko zabaldu.
Hain zuzen, diagnostikoan ere jaso dute ez direla lan taldearen parte izan. «Sarean gauden guztiok autoktonoak gara, eta horrek desoreka dakar. Ezinbestekoa izango da oreka bat bilatzea, garbi izanda ezingo dela erdia eta erdia izan», gaineratu du Jimenezek. Hala ere, Canteroren ikuspuntutik, «autoktonoak etortzen ari badira beste jatorri batzuetako pertsonak baino gehiago, agian errealitate honetara autoktonoak nola hurbiltzen diren ikusi eta hortik sustatu behar dugu eraldaketa».




