Dbizi sistema berria martxan jarri du udalak
Donostiako Udalak gaur aurkeztu eta martxan jarri du bizikletak alokatzeko sistema berria. Hiriko hainbat gune eta lekutan 46 geltoki jarri dituzte, eta 437 bizikleta erabiltzeko prest daude. Eneko Goia alkateak adierazi duenez, dagoeneko 300 pertsona baino gehiagok eman dute izena Dbizi erabiltzeko.
Sistemaren kudeaketaz arduratuko da BIZISS aldi baterako enpresa elkarte azpi-kontratatua –MOVUS eta URBASER enpresa madrildarrek osaturikoa–. Sistema berriak hobekuntza ugari ditu aurrekoarekin alderatuta; geltoki eta bizikleta elektriko eta mekaniko gehiago, ordutegi zabalagoa edo bizikleta modelo sendoagoa eta erabiltzen errazagoa.
Udalak informazio kanpaina bat abiatu du sistema sustatzeko: Dbizi gara. Horren bidez, Dbiziren funtzionamendua erakutsi dute profil desberdineko lau donostiarren bidez, eta hiritarrek sistema berrian izena ematea bultatzea da helburua.
Nola erabiltzen da?
Dbiziko bizikletak erabili ahal izateko, aurretik izena eman behar da sisteman. Webgunearen bidez orriaren bitartez eta sistemaren aplikazioaren bitartez (PBSC) eman daiteke izena. Sistemaren appa iOSerako eta Androiderako online dendetan dago eskuragarri. 16 urtetik gorako pertsona guztiek erabili dezakete sistema.
Bizikleta mekaniko urdina eta elektriko berdea erabiltzeko beharrezkoa da aplikazioa. Bizikleta bat lortu aukera hautatu behar da mapa nagusiaren barruan, QR kodea eskaneatu, eta argi horia berde jarri arte itxaron, bizikleta hartu ahal izateko. Bizikleta geltoki batean uzteko, bizikleta libre dagoen eta argi gorririk ez duen ainguraleku batera hurbildu behar da, geltokiak bizikleta detektatu arte bultzatu argi horiarekin, eta ainguraketa baieztatu eta argi berdea jarri arte itxaron. Behin bizikleta itzulita, bizikletaren ainguraketa egiaztatu beharko da aplikazioan begiratuta. Geltokia beteta badago, appean 10 minutu gehiago eskatu daiteke, kosturik gabe, bizikleta hurbil dugun beste geltoki batean utzi ahal izateko.
Sistemaren ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 6:00etatik 24:00etara erabil daiteke, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduetan.
Tarifak eta deskontuak
Dbiziren ordainketa sistema berriak kuota finko bat ezartzen du, banakako edo taldeko abonu arrunta edo noizbehinkakoa dena, eta erabilerako denbora tarteen araberako ordainketa, bizikleta maileguan hartzen den denboraren arabera. Era berean, tarifa desberdina izango da bizikleta mekanikoa edo elektrikoa erabiltzen bada. Sistemak taldeko abonu arrunta eta noizbehinkakoa ere baditu, 2-5 pertsonako taldeentzat, familientzat, enpresentzat eta abarrentzat. Abonuaren titular nagusiak egingo ditu taldeko pertsonen erabilerengatiko ordainketa guztiak.
Horrez gain, deskontuak egingo dira bizikleta elektrikoak erabiltzeko tarteen arabera (0-60 minutu) leku garaietan edo urrutik dauden auzoetako geltokietako joan-etorrietan (web orriko planoan adierazitakoaren arabera), eta deskontuak egingo dira, halaber, familia ugariagatik, abonu arruntetan eta noizbehinkakoetan. Era berean, 2021eko urtarrilaren 6a baino lehen izena ematen dutenek deskontuak edukiko dituzte banakako abonu arruntean.
Geltokien sarea
Sistema berriaren geltoki guztiak mistoak dira, hau da, guztietan bizikleta mekanikoak eta elektrikoak desainguratu eta ainguratu daitezke. Sistemaren ezarpenaren lehen fasean, 46 geltoki jarri dira, eta 437 bizikleta eskaintzen dira, 120 elektriko eta 317 mekaniko. Bigarren fasean, gainera, 22 geltoki gehiago jarriko dira, eta Bidebieta, Herrera, Altza eta hiriko beste eremu batzuetara zabalduko da sarea. Geltoki guztien informazioa Dbziriren webgunean ikus daiteke.
Osasun neurriak
Pandemia egoera dela eta, ondorengo neurriak hartu dituzte osasun neurriak bermatzeko: sistema kudeatzen duen enpresak egunean behin desinfektatuko ditu bizikletak, erabiltzaileek maskara erabili beharko dute, eta gomendagarria da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea bizikleta erabili aurretik eta ondoren.