"Krisi kapitalistaren barruan, gazteria proletarizazio orokortua jasaten ari da"
Ane Iriondo (Egia, 1997) eta Asier Genua (Amara Berri, 1994) Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistako kideak dira: "gazte-problematikaren auziari" heltzen diote, eta "sistema kapitalistaren barruan betetzen duen funtzioari aurre egiteko" antolatzen dira.
Duela bi urte sortu zen GKS, eta orain Donostiako antolakundea aurkeztu duzue. Zein eboluzio izan du antolakundeak ordutik hona?
Ane Iriondo (A.I.): Gure tesien sozializazioarekin hasi genuen gure jardun politikoa. Horren erakusle dira bi urtetan zehar egin ditugun formakuntza mintegiak; gaur egun ere garrantzia dute mugimendu sozialistaren barruan. Lan egunak ere antolatu izan ditugu gure jardun politikoa bermatu ahal izateko azpiegiturak hobetzeko, baita topaketak antolatu ere: nazio zein herrialde mailan egin dira. Beti koiunturari erantzun diogu gure irakurketak plazaratuz, eta COVID-19ak eragindako krisiaren salaketa kanpainak abiarazi ditugu. Duela gutxi eman genuen eskualdeko antolakuntzaren berri, eta orain zabalpen eta handitze fase batean aurkitzen gara.
Zer da GKS?
Asier Genua (A.G.): Gazte Koordinadora Sozialista Euskal Herriko gazte sozialisten antolakundea da, eta Euskal Herrian existitzen den mugimendu sozialistaren barruan gaude. Mugimendu horren barruan, gazte-problematikaren auziari heltzen diogu: gazte langileon egoera, eta beraz, gazte-problematikak sistema kapitalistaren barruan betetzen duen funtzioa aztertzen dugu, eta horri aurre egiteko antolatzen gara.
Zein izango da zuen jarduna Donostian?
A.I.: Donostiako gazteon errealitatearen analisia eginez, gazteok ditugun arazoak identifikatuko ditugu, eta horiek sistema kapitalistaren mesedetan betetzen duten funtzioa problematizatuko dugu. Horren aurrean, Donostiako gazteok antolatzea bultzatzen dugu, hirian dauden arazoei tresna eraginkorrekin aurre egiteko.
Nolakoa da Donostiako gazteen egoera?
A.G.: Orokorrean Donostiako gazte langileok jasaten ari garen prozesua kokatu behar dugu COVID-19aren osasun krisiak areagotu duen krisi kapitalistaren testuinguruan. Lan-baldintzak eta bizi eredua okertu dira: izan langabeziaren bidez, izan soldata baxuekin. Horrekin batera, lan istripuak eta prezio altuen ondorioz etxebizitza bat edukitzeko zailtasuna ere badaude. Krisi kapitalistaren barruan, gazteria proletarizazio orokortu bat jasaten ari da, eta beraz, bere bizi proiektua aurrera eramateko ezintasuna.
A.I.: Horri aurre egiteko antolakuntza politikoa oztopatua zaion garai batean ere bizi gara. Gaur egungo testuinguruari aurre egiteko osatu den ofentsiba burgesaren barruan antolakuntza politikoa oztopatua dago eta errepresio poliziala ere handitu da.
Zein da zuen iritzia genero-zapalkuntzari buruz?
A.I.: Genero-zapalkuntzaz ari garenean, emakume langileok emakume izanagatik jasan behar dugun subordinazio egoeraz ari gara. Argi daukagu emakumeen subordinazio egoerak funtzio jakin bat betetzen duela sistema kapitalistaren barruan. Emakumea subjektu debaluatu izatera kondenatzen du sistema kapitalistak, eta horren adibide dira lan feminizatuetan lan-baldintza okerragoak izatea edota hori bermatzen duten ideologia zein kultura matxistak. Hori guztia emakumeok eguneroko bizitzan bizi behar ditugun jarreretan islatzen da: kaletik lasai ibili ezin izatea, indarkeria matxista, eta abar. Emakumeon zapalkuntza gainditzeko, klase antolakuntza defendatzen dugu, uste dugulako emakume langilearen askapena ezin dela eman sistema kapitalista bera irauli ezean, bera delako emakumeen subordinazioaren erantzule. Genero-problematikaren harira Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista dugu erreferente, klase-feminismoa lantzen dutelako. Gainera, orain dela gutxi Donostian antolatzen hasi dira.
Euskal Estatu Sozialista lortzeko bidea zein da, zuen ustez?
A.G.: Euskal Estatu Sozialistarekin erreferentzia egiten diogu Euskal Herrian langile boterea ezarri, eta horren bitartez langileria horrek botere politikoa burgesiari kenduko dion momentuari. Zentzu horretan, ulertzen dugu hori lortzeko bidea botere hori pixkanaka modu gorakor batean antolatu behar dela, eta horrela, burgesia antolatzen den eskala berean antolatuz, guda hori ematea burgesiarekiko eta instituzionalizatzen joatea langileriaren boterea. Euskal Estatu Sozialistaren aldarrikapenak aukera ematen du nazio askapenari ikuspegi proletario batetik erantzuna emateko, eta nolabait, nazio auziaren ebazpenerako baldintzak sortzen ditu Euskal Estatu Sozialista ezartzeak eta horren aldeko borrokak.
Nolako etorkizuna espero duzue?
A.I.: COVID-19ak sortu duen testuinguruan, etorkizun iluna ikusten dugu: osasun-krisia dela eta, oso indartsu datorren ofentsiba kapitalista baten aurrean gaude, eta langile klasearen bizi baldintzak okertzea eragingo du. Berriz ere, argi geratu da burgesiarentzat ekoizpen eredu kapitalista langileon osasunaren aurretik dagoela.
A.G.: Zentzu horretan, ulertzen dugu hori ez dela ezinbestean gertatu beharreko egoera bat. Burgesiak langileon aurka burutzen duen ofentsibak ez du inplikatu behar langileon subordinazioa; antolakuntza politikoaren bitartez horri aurre egiteko tresnak sortu behar ditugu.