Ehun taldeak metroaren zuloak zigilatu ditu, "euskal errepublikaren beharra mahaigaineratzeko"
Ehun taldeak Donostiako Metroaren aurkako ekintza egin du goizean, “lanak gelditu behar direla” aldarrikatzeko eta “euskal errepublikaren beharra” mahai gainean jartzeko. Hain justu, metroaren lanetako Pio Barojako, Benta Berriko eta Zarautz hiribideko zuloak pankarta bidez zigilatu dituzte, lan horiek “adierazten duten guztia” seinalatuz: “Metroaren zuloak frankismotik datorren eta 78ko erregimenarekin jarraitu duen sare klientelar-mafiosoaren adierazlerik ilunenak dira. Sare horren xedea baliabide publikoak eskupribatuetara pasatzea da. Horretarako, hamarkada luzetan zehar, lotsarik gabe, benetako beharrei erantzuten ez dieten lan publikoak erabili dituzte”. Horretaz gain, nabarmendu dute metroaren proiektuak ez diela “herritarren benetako beharrei” erantzuten, eta salatu dute azken asteotan gertatutako istripuek –Zubieta kaleko zuloa, adibidez–, herritarren artean “kezka handitu” egin dutela.
Horregatik, “gutxi batzuen poltsikoari garrantzia gehiago ematen dion estatu batean” bizitzen jarraitu nahi ez dutela nabarmendu dute, eta aldarrikatu dute “denona dena lapurtzen ez duen mafiarik gabe bizi eta publikoa babestuko duen markoa euskal errepublikak soilik eman diezagukeela”. Beraz, euskal errepublikaren gaia mahaigaineratzeko unea dela azpimarratu dute Ehunekoek: “Hormigoiaren mafia ala euskal errepublika”.