Kubo-Kutxak arteari eskainitako bi hamarkada beteko ditu
Kursaal jauregian dagoen Kubo-Kutxa erakusketa aretoak 20 urte beteko ditu bihar. Hain zuzen ere, 2000ko abenduaren 15ean ireki zituen ateak Jorge Oteiza eskultoreari eskainitako erakusketarekin. Ordutik, 73 erakusketa programatu ditu aretoak. Duela bi urte 2.000.000 bisitariko mugara iritsi zen, eta une honetan 2.135.000 inguru dira.
Bi hamarkada hauetan, hainbat artista gipuzkoar ospetsuen erakusketa antologikoez gozatu ahal izan dute ikusleek. Hala nola, Jorge Oteiza, Dario Villalba, Andres Nagel, Josune Amunarriz, Menchu Gal, Bonifacio Alfonso, Eduardo Txillida, Marta Cardenas, Jesus Mari Lazkano, Gonzalo Txillida, Rafael Ruiz Balerdi eta Alejandro Garmendia.
“Kubo Kutxak beti izan du ere erreferentziazko nazioarteko artea gipuzkoarrei hurbiltzeko kezka; ildo horretan, Miquel Barcelo, Pablo Gargallo, Joan Miro, Marc Chagall, Paloma Navares, Carmen Calvo eta abarri eskainitako erakusketak izan dira gozagai”, azaldu dute.
Urtarrilaren 10era bitarte, Juan Luis Goenaga artista donostiarraren atzera begirakoaz gozatzeko aukera dago Kubo-Kutxan.