Larunbatean polizia "gogor oldartu zen" Parte Zaharreko hainbat gazteren aurka
Larunbat iluntzean istiluak izan ziren Parte Zaharrean. Izan ere, Trinitate plazan zeuden hainbat gazteren aurka “gogor oldartu ziren” zenbait ertzain. Istiluek Konstituzio plazan jarraitu zuten, eta hainbat gazte identifikatu zituzten.
Parte Zaharreko Gazte Asanbladak hala azaldu du larunbat iluntzean gertatutakoa: “Oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, Trinititate plazan ginen gazte guztiak identifikatu eta katxeatuko gintuztela agindu ziguten, isuna jartzeko asmotan. Jarrera onartezin horren aurrean eta identifikatzeko arrazoirik ez zutelako, plazatik irteten hasi ginen. Haiek egoera hori ikusterakoan, gogor oldartu ziren gure aurka, jendearen atzetik korrika eta egurra banatzen, errefortzuak eskatzen zituzten bitartean. Argi diogu: ez zegoen jende pilaketarik ezta boteloirik, eta ez genuen inongo momentutan polizia erasotu”. Konstituzio plazan istiluek jarraitu zuten, eta hainbat gazte identifikatu zituzten, “poliziaren indarkeria grabatzeagatik”, besteak beste.
Gaur manifestazioa egingo dute 20:00etan Konstituzio plazatik larunbat iluntzean gertatutakoa salatzeko, Auzoak defendatu, errepresioari ez! lelopean. Parte Zaharreko Gazte Asanbladaren arabera, “gazte-kriminalizazioaren beste adibide bat” da gertatutakoa.


